FighterZren, Kakaroten eta Xenoverse 2ren hurrengo DLCak iragarri dituzte hainbat trailerren bitartez.

Son Goku eta lagunen zaleak abentura berrien zain daude. Bandai Namcok argi dauka hori, eta bideo-joko berririk iragarri ez duten arren, dagoeneko salgai dauden lanetarako espantsio eta eduki gehigarriak aurkezteko egitasmo berezia egin dute asteburuan.

Dragon Ball Games Battle Hour aurkezpen digitalean txapelketak, elkarrizketak, trailerrak eta iragarpenak bildu zituzten. Iragarpenen artean, dagoeneko aurkeztuta zuten FighterZko Gogeta Super Saiya 4 mugimenduan ikusi ahal izan zuten borroka jokoaren jarraitzaileek.

Dragoi Bola GTko pertsonaiaren boteretsuenaren etorrera ospatzeko trailer berezia prestatu zuten. Bertan Akira Toriyamaren manganimearen zale guztiak itxaroten zutena ikus daiteke: Gogeta, Gogetaren aurka. Super Saiya 4 eta Super Saiya Blue tranformazioekin, bi borrokalariek Dramatic Finish izeneko bideo bereziak jaso dituzte borrokak bukatzerakoan. Horiek jazotzeko, ohi bezala, baldintza batzuk bete beharko dira borrokaldietan.

Gogeta Super Saiya 4 etzi, martxoaren 12an, kaleratuko dute Dragon Ball FighterZrako. Berarekin batera hainbat pertsonaiarentzako orekatzeak gaineratuko dituzte arduradunek. FighertZ PC, PS4, Xbox One eta Switcherako eros daiteke.

Trunksen etorkizun iluna

Dragon Ball Z: Kakarotek istorio berria jasoko du. Jainkoen Bataila eta Freezerren Itzulera filmetako gidoiak jarraitzen zituzten bi espantsio iritsi ziren RPG abenturara, baina oraingoan istorio klasiko bat hartuko dute oinarritzat CyberConnect2ko garatzaileek: Trunksen balizko etorkizunari buruzko istorioa, hain zuzen ere.

Bertan etorkizuneko Trunks gaztearen kontrola hartuko dute jokalariek. Bi androide zital mundua suntsitzen ari dira, eta bere maisu Son Gohanekin batera horiei aurre egitea izango da Vegetaren semearen helburua. Izan ere, Son Goku hilik dago gaixotasun baten ondorioz.

Xehetasun gutxi emanda, trailerrean telebistan emandako atal berezi honen lehen eszenak zehaztasun guztiz jarraitu dituztela argi geratzen da. CyberConnect2koek jokoaren motor grafikoa erabilita Gokuren heriotza eta beste gerlarien borroka garaiezinak ikus daitezke bideoan.

Argitaratze data zehatzik gabe, Dragon Ball Z: Kakarot – Trunks The Warrior of Hope udan kaleratuko dutela zehaztu du Bandai Namcok. Kakarot PC, PS4 eta Xbox Onean jokatu daiteke oraingoz.

Xenoverse 2rentzako borrokalari gehiago

Dragon Ball Xenoverse 2k hainbat urte ditu, baina are eduki gehiago gaineratzen jarraitzen dute arduradunek. Oraingo honetan Legendary Pack izeneko DLCa aurkeztu dute: Paikuhan eta Toppo borrokalariak gehitu ditu RPG elementuak batzen dituen borroka jokora.

Horrez gain istorioarekin jarraituko dutela irakur daiteke Bandai Namcoren iragarpenean: etorkizuneko Son Gohan ikusiko dute jokalariek oraingoan.

Legendary Pack honen lehen atala martxoaren 18an estreinatuko da PC, PS4, Xbox One eta Switcheko bideo-jokoan.