Kefla eta Son Goku Ultra Instinct dira denboraldi berrirako iragarritako lehen pertsonaiak

Dragon Ball FighterZ World Tour txapelketa lehiatu dute Parisen asteburuan. Ekimena aprobetxatuta, Bandai Namcok borroka bideojokoaren hirugarren denboraldia iragarri eta horren inguruko xehetasunak eman ditu. Otsailaren 26an emango diote hasiera denboraldiari; bi egun ondoren Season Pass berriaren pertsonaia berria argitaratuko dute, Kefla.

Larunbat iluntzean argitaratutako bideo baten bidez denboraldi berriak ekarriko dituen aldaketa batzuk aipatu zituen Tomoko Hiroki bideojokoaren ekoizleak. Berritasunen artean Z Assist Select izeneko aukera nabarmendu zuen Hirokik.

Aldaketa horrek borroketan hainbat aldaketa ekarriko ditu; pertsonaiak aukeratzerakoan bakoitzari Assist edo asistentzia bat ezarri ahalko zaio, printzipioz hiru aukeren artean. Orain arte bakoitzak assistentzia bakarra izan du, eta horiek tierrak edo mailak osatzerakoan garrantzi handia dute. Aukera zabalagoa eskaintzerakoan, borroketan pertsonaia desberdin gehiago lehiakorrak izatea ahalbideratu nahi dute.

Pertsonaien tamainak eragindako arazoak saihesteko asmoarekin hainbat aldaketa egingo dituztela ere azaldu du ekoizleak. Ez hori bakarrik, pertsonaia bakarra bizirik dagoenean jokalariari irabazteko aukerak areagotzeko tresnak ere gehituko dizkiote FighterZri.

Bukatzeko, denboraldiak aurrera egin ahala pertsonaiak eta joko mekanikak hobetzeko eguneratzeak egingo dituztela azaldu du Hirokik; bigarren denboraldian eguneratze horiek bertan behera utzi zituzten. Jokoaren menuek ere berriztatze lana jasoko dute: bideoan ikus daitekeenez pertsoanaiak aukeratzeko menua guztiz aldatu dute.

Bost borrokalari berri

Atzo iluntzean finalak bukatu ostean (GO1 japoniarrak Fenrittiri 3-2 irabazi zion lehia estu baten ondoren) Bandai Namcok hirugarren denboraldiari ongi etorria emango dioten lehen bi pertsonaiak iragarri zituen. Dragon Ball Superreko Son Goku Ultra Instinct dagoeneko filtratu egin bazen ere, Parisen batu zirenak ezustean harrapatu zituen Kale eta Cauliflaren arteko fusioarekin, Kefla.

Kefla hilaren 28tik aurrera aukeratu ahalko dute beragatik ordaintzen dutenek; ez dute data zehatzik eman Son Goku UIrentzat, udaberrian estreinatuko dela adierazita. Beraiekin batera oraindik ezagutzera emateko zain dauden beste hiru pertsonai izango ditu hirugarren denboraldiak.