Iaz estreinatu zen doako jokoarentzat aldaketa handiak iragarri ditu Bandai Namco-k. Urte bukaeran abiatuko da denboraldia.

Bandai Namcok Dragon Ball Gekishin Squadraren erabateko eraldatzea iragarri du. MOBA generoko bideojokoak oinarrizko mekanikak eta ezaugarriak trukatuko ditu, hirugarren pertsonako akzio joko bilakatzeko.

2025eko irailean iritsi zen Gekishin Squadra PC, Switch eta PlayStation 5 plataformetara, baita Android zein iOS gailuetara. Son Goku, Vegeta, Krillin, Bulma, Satan Txiki, Freezer eta gainerako heroi zein bilau ezagunetako bat hautatuta, taldekako MOBA partidak agintzen ditu bertsio originalak: bi talde aurkariaren dragoi bolaren bila abiatzen dira, bidean mapako bi ibilbideetako bateko suntsipenaren jainkoak garaitu behar izanik. Jokatzea dohainik izanik, mikroerosketa mordoa biltzen ditu, pertsonaiak eta eduki estetikoak eskainita.

Lehen urteurrena ospatzera bideratutako ekitaldi berezian, Super Gogeta pertsonaia, trailer zinematikoa… eta aipatutako eraldaketa iragarri dituzte egileek. Bideojokoak erdipurdiko balorazioak eta pixkanaka gutxitzen doan erabiltzaile kopurua batzen ditu —Steam-eko datuei begira jarrita—.

Toshi bideojokoaren ekoizleak berritasunak aditzera eman ditu, argi eta garbi atsekabetuta agertuta. Ikuspegia aldatuko da, zenitaletik hirugarrenera igarota, jokoaren itxura erabat desberdina eskainita. Partidetako helburuak ere aldatuko dira: suntsipenaren jainkoak garaitzeko boterea lortzen ibili beharrean, zazpi dragoi bolen bila ariko gara mapetan zehar, tartean beste taldeko jokalariekin borrokatuz. Batutako dragoi bolak gure basera eramango ditugu, eta guztiak biltzen dituen edo denbora agortzerakoan gehien dituen taldeak irabaziko du lehia.

Aldaketek orain arte inplementatutako pertsonaiengan eta mekaniketan mugak eragingo dituztenez, zortzigarren denboraldia hasterakoan 24 heroi hautatu ahalko direla, eta bederatzigarrenarekin beste 19 heroi iritsiko direla nabarmendu dute. Pertsonaiak guztiak zehazteke utzi dituzte, baina Goku eta Vegeta SSJ, Satan Txiki, Son Goku txiki eta Bulma edo Freezer zein Buu iristen lehenak izango direla aldarrikatu dute.

Jokalariei orain arte lortutako heroi nahiz eduki estetiko guztiak mantenduko zaizkiela ere aipatu da, batzuk eraldatuta iritsiko diren bitartean. Max Gekishin Burst efektuak, baina, galdu egingo dira.

Zaleek erantzuna oso gogorra izan da. Kritika ugari zabaldu dira sarean, Bandai Namcori urtebetean jokoa suntsitzea leporatuta, eta, oraingo Gekishin Squadra aldatu beharrean, beste titulu bat sortzeko eskatuta.

Urtea bukatu aurretik argitaratuko da aipatutako berritasunak dakartzan zortzigarren denboraldia. Aurretik, aldaketen berri emateko iragarpenak egongo direla zehaztu dute Bandai Namcokoek. Dragon Ball Gekishin Squadra PC, Switch, PS5, Android eta iOS gailuetan joka daiteke doan.