Dragon Ball New Game Project AGE 1000 izenez ezagutu genuen urtarrilean. Etorkizuneko West City esploratuko eta babestuko dugu.

Bandai Namco argitaletxeak Dragoi Bolaren Xenoverse azpisagaren atal berria iragarri du. Dragon Ball Xenoverse 3 datorren urtean argitaratuko da PCan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan.

Aurkezpena Dragon Ball Games Battle Hour 2026 ekimenaren aterpean burutu dute. Askok espero bezala, urtarrilean ezagutzera emandako Dragon Ball New Game Project AGE 1000 proiektua da Xenoverse 3: protagonista eta abentura berriak ikusiko dituzte jokalariek.

Akira Toriyama mangakaren azken proiektuetakoa dela diote arduradunek; hori horrela, Son Gokuren sortzaileak irudikatutako pertsonaiak eta kokalekuak bilduko dira jokoan. Zutabe nagusia manganimean ezagutu genuen West City hiria izango da: etorkizuneko bertsioa ageriko da XV 3n.

Great Saiyan Squad taldeko kide izango da protagonista. Urtarrileko bideoan ikusitako pertsonaia ageri da aurkezpen trailerrean, baina are gizaki gehiago ere ikus ditzakegu; alegia, aurreko Xenoversetan egin bezalaxe, guk geuk protagonista sortzeko aukera egongo dela pentsa daiteke.

Izan ere, Xenoverse tituluak borroka jokoak badira ere —arena edo anime borroka jokoen artean kokatuta—, RPG elementu nabarmenak biltzen dituzte. Misioak gainditu ahala, Dragoi Bolako pertsonaiek eskainitako entrenamendu desberdinak burutuko, eta mugimendu zein botere berriak desblokeatuko ditugu, ondoren guk sortutako pertsonaia nahi bezala eraldatuta, mailak igoz indartsuago egiten doan heinean.

2027an kaleratuko da Dragon Ball Xenoverse 3.

 

FighterZ, Sparking! Zero nahiz Xenoverse 2 jokoen gaurkotzeak

Jaialdian dagoeneko argitaratutako Dragoi Bolaren bideojokoei buruzko berritasunak ere jaso ditugu; zehazki, Dragon Ball FighterZren, Sparking! Zeroren edo Xenoverse 2ren eguneratzeei buruz mintzatu dira Bandai Namcokoak.

Jakin genuen bezalaxe, Arc System Works taldearen FighterZ maitatuak beste borrokalari bat jasoko du: Dragoi Bola Daima animean ikusitako Son Goku super saiya 4aren eraberritutako bertsioa, alegia. Apirilaren 22an estreinatuko da ordainpeko eduki gehigarria, eta lehen aldiz mugimenduan ikusteko aukera izan dugu.

Bestalde, Dragon Ball: Sparking! Zerok Super Limit-Breaking NEO deitutako espantsioa gaineratuko du udan. DLC erraldoiak 30 borrokalari —Gohan aitona, Tao Pai Pai, Satan Bihotz Txiki aita, Super 17 edo Vegeta erregea aipatzen dira—, pertsonaion itxura aldatzeko 20 aukera baino gehiago, lau borrokaleku —Jainkoaren jauregia zein Dortoka maisuaren etxea ikusiko ditugu— eta Limit Breaker Journey deitutako modalitatea gehituko ditu.

Bukatzeko, Dragon Ball Xenoverse 2k Future Saga Chapter 4 DLCa ikusiko du udan. Jokoaren azken eduki gehigarri handia dela diote egileek, istorioari bukaera emanik.