Saiya handiaren eskuadroiko kide izango gara. Pertsonaia sortuta, taldekako ARPG borroketan parte hartuko dugu sarean.

Bandai Namco taldeak Dragon Ball Xenoverse 3ren lehen jokagarritasun bideoa argitaratu du, Son Gokuren eta lagunen unibertsoko mendebaldeko hiria (West City) aurkeztuta.

Bideojokoetan gutxi batzuetan agertutako toki garrantzitsua osorik esploratzeko aukera egongo da abentura berrian; hori bai, Gokuren aroan girotu beharrean, 1.000. urtean kokatuko da istorioa. Narratiba elementu sakonagoak ikusiko ditugu hirugarrenean: gure pertsonaia eratuta, lagunak zein arerioak ezagutuko ditugu hirian, eta, ez hori bakarrik, Saiya handiaren eskuadroiko kide izango gara. Tartean, Bulma-rekin edo Satan Txikirekin topo egingo dugu.

Hiria libreki esploratuko dugu hau babesteko lanak egiterakoan. Borroketan parte hartzerako orduan, ohiko anime borroka jokoen egitura hartuko du Xenoverse 3k, baina hainbat arerioren aurkako borrokak proposatuko dizkigute. Era batean, Monster Hunter eta antzekoen ideiak bereganatzen dituela esan daiteke, aurreko Xenoversen zein Dragon Ball Kakarot-en elementuak bilduta.

Argiago ikus daiteke Broly boteretsuaren aurkako borrokan. Bertan, hainbat lagun batzen dira talde berean kondairako goi gerlaria —Dragoi Bola Super bertsioan— garaitu ahal izateko. Norgehiagoka arrunta baino, etsaiaren erasoak saihesteaz edo inguruneko babeslekuak aurkitzeaz arduratu beharko gara, 1vs1 borroken oinarriak pixkat alboratuta.

Zorionez, gure protagonistak Dragoi Bolako heroien abileziak erabili ahalko ditu: arima aldaketa ahalmenari esker Vegeta, Satan Txiki, Trunks, Krillin edo Ten Shin Han bezalakoetan bilaka gaitezke, euren indarra eta mugimenduak eskuratzeko. Protagonista sortzerakoan, gainera, arrazaren araberako botereak ere lortuko ditugu; saiya pertsonaiek super saiya bilakatzeko ahalmena edukiko dute, esaterako.

Xenoverse sagarentzat aldaketa txiki baina esanguratsuak ekarriko ditu, beraz, hirugarren jokoak. Kaleratze data ezagutu gabe jarraitzen dugu, baina datorren urtean estreinatzea aurreikusten dute Bandai Namcokoek: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko da Dragon Ball Xenoverse 3.