Bandai Namco-k Dragon Ball Super Card Game Championship 2022 txapelketan aurkeztu du borroka jokoen saga maitatuko laugarren atala.
Dragoi Bolan girotutako bideojokoak borroka generokoak izan ohi dira —erreportaje berezian ikertu genuen modura, bestelako proposamenak ere egon badaude—: tituluon artean, zalantzarik gabe ezagunenak Budokai, FighterZ Xenoverse eta Budokai Tenkaichi frankiziak dira. Azken honen laugarren atala iragarri berri du Bandai Namcok.
Dragon Ball Super Card Game Championship 2022 txapelketaz baliatu dira aurkezpena egiteko. Bideo motzarekin erakutsi dute: aurreko atalei errepasoa emanda, Dragon Ball Z Budokai Tenkaichiren lehen irudiak ikusi ahal izan zitugu. Horietan, nola ez, Son Goku protagonista agertzen da SSJ Blue transformazioa burutzen.
Ez dute askoz gehiago aipatu jokoaren inguruan: “Budokai Tenkaichi berria hastear da” mezuarekin, ez da plataformarik zein argitalpen datarik aipatu.
Borroka bereziak proposatzen ditu Budokai Tenkaichi sagak: kamera borrokalarien atzean kokatuz —tokiko partidetan pantaila bitan zatitzen da— alboko kamerak alderatu egiten ditu. Pertsonaien zerrenda ikaragarria izan da beti bere ardatzetako bat: hirugarren atalak 98 borrokalari zituen, baina itxuraldaketekin 161 pertsonai genituen bertan.
Budokai Tenkaichi originala 2005. urtean estreinatu zen PlayStation 2 kontsolan —64 borrokalarirekin—. Ordutik hona BT2, BT3, PSP eramangarrian kaleratutako Tenkaichi Tag Team, eta izen bera duen baina antz gutxi daukan Ultimate Tenkaichi ikusi ditugu.
Momentuz, hortaz, berri gehiagoren zain geratu beharko dira Dragoi Bolaren zaleak.
Iruzkinak