Dragon Quest I eta II HD-2D ere iragarri ditu Square Enix japoniarrak, originalen trilogia osatuz: 2025ean ikusiko ditugu.
Dragon Quest III HD-2Dren berritasunak aipatu zizkiguten Square Enixekoek, eta gaurko Nintendo Direct aurkezpenean eman dizkigute: azaroaren 14an argitaratuko dutela iragartzeaz gain, trailer berria eskaini dute.
Erdrick heroiaren abentura berriz bizitzeko aukera edukiko dugu berregite honetan, Octopath Traveler zein Triangle Strategy jokoetako estetika bereganatuz; hau da, 2D sprite ederrak 3D inguruneekin elkartuko ditu.
Sagaren joko nagusietako txandakako borrokak mantenduko ditu, noski, baita esplorazioa ere: heroien taldearekin DQ3 maitatuko mundu zabala zeharkatuko dugu berriz.
Ez da, baina, sagari lotutako iragarpen bakarra izan: zaleek espero bezala, hirugarren jokoa soilik berregin beharrean Dragon Quest I eta II HD-2D ere prestatzen dabiltza japoniarrak. 2025ean argitaratuko dituztela adierazi dute, trilogiaren irudia aurkeztuta.
Modu horretara, Erdricken kondaira jarraitzen dituzten hiru joko nagusietan —bakoitzak bere protagonistak dituen arren— berriz aritzeko aukera edukiko dugu.
Hortaz, Dragon Quest III HD-2D azaroaren 14an kaleratuko da PC, PlayStation 5, Switch eta Xbox Series plataformetan; Dragon Quest I eta II HD-2D, bestalde, datorren urtean ikusiko ditugu.
Iruzkinak