JRPG klasikoaren berregitea prestatzen dabiltza Square Enix-ekoak. Zurrumurruen arabera, ekaineko Nintendo Direct aurkezpenean ikusiko dugu.

Erdrick heroiaren kondaira berriz bizitzeko aukera egongo da plataforma nagusi guztietan. Square Enix Dragon Quest IIIren berregiteari buruz mintzatu da frankiziak 37 urte betetzen dituen egunean: DQIII HD-2D PlayStation 5, Xbox Series, Nintendo Switch eta PC gailuetara iritsiko da.

Iragarpena modu xumean egin dute sare sozialen bidez, xehetasun gehiagorik eman gabe. “Erdricken kondaira hurreratzen dabil”, diote, “kondaira hastear da”adierazita. Hirugarren DQ sagako maitatuenetakoa da, ziurrenik, zazpigarrenarekin batera; gainera, lehen hiru jokoetako istorioaren atalik garrantzitsuena dela esan daiteke.

Bitxiena, agian, Dragon Quest, hutsean adierazten dela da. Aurretik DQIII dela adierazi izan dute argi eta garbi, baina oraingoan zenbakia alboratu dute. Halere, bideoan azaltzen den ikurra Erdrickena da.

Dragon Questen jokagarritasuna ez da askorik aldatu frankiziaren lehen jokotik, baina remake honetan denboran atzera egingo dugu. Herriak edo ziegak esploratzeko ikuspegi isometrikoa eta txandakako borrokak biziko ditugu gure heroien taldearekin: mundu zabala, misterioak eta kondairak izango dira nagusi.

Zer esan nahi du HD-2D terminoak? Octopath Traveller edo Triangle Strategy jokoetan ikusitako estilo estetikoa da: 2D sprite-ak 3D munduekin biltzen ditu bereizmen handian.

Sagaren 35. urteurrenean —zehazki, orain bi urte— iragarri zuten Erdricken abenturen berregitea. Ordutik hona ez dute berriz aipatu, baina zaleak lasai egon daitezke. Orain aste batzuk entzundako zurrumurruak indarra hartzen hasiak dira, gainera: ekaineko Nintendo Direct aurkezpenean bideo eta irudi berriak erakutsiko lituzke Square Enixek.

 

Dragon Quest XII ere, abian

DQIIIren berregitea aipatuta, ezin gaitezke ahaztu JRPG sagaren atal berriz. Dragon Quest XII: The Flames of Fate iragarri zuten baita duela bi urte.

Ez dakigu askorik bere inguruan: Unreal Engine 5 garapen motorea erabiliz hasi ziren sortzen, baina ez dute askoz gehiago esan jokoaren inguruan.

Gaur arte, behintzat: Yuji Horii Dragon Questen sortzaileak Akira Toriyama —DQren diseinatzailea eta Dragoi Bolaren mangaka, besteak beste— eta Koichi Sugiyama —DQren musikagilea— aipatu ditu Dragon Questen egunean.

“Ezin dut xehetasunik eskaini, baina zendu diren bi sortzaileentzat duina den lana izatea nahi dut”, adierazi du Horiik sare sozialetan.

DQXIIren plataformak zein argitaratze data ezezagunak dira, baina garapenak abian jarraitzen duela dakigu, ez dela gutxi.