Japoniarako soilik iragarri da oraingoz: gaur kaleratuko dute. Wii-ko JRPGaren moldatutako bertsioa dugu.

Dragon Quest frankizia ezaguna indarra hartzen dabil azken hilabeteotan. Iaz DQ HD-2D berregitea argitaratu ondoren —eta DQ Monsters: The Dark Prince PCan zein mugikorretan—, Dragon Quest X Offline JRPGaren port berria iragarri dute: Androidera nahiz iOSera eramango dute frankiziaren hamargarren joko handia.

Dragon Quest X: Rise of the Five Tribes Offline joko nagusia bakarrik erosi ahal izateaz gain, The Sleeping Hero and the Guiding Ally espantsioarekin batzen dituen bilduma prestatu dute; hori bai, oraingoz Japonian soilik merkaturatzeko asmoak agertu dituzte. Gaur bertan iritsiko da sareko ezaugarriak galdu dituen MMORPG ezaguna mugikorretara.

Mendebaldean DQ X ikusi gabe geratu gara. 2012an estreinatu zen Nintendo Wii kontsolan jatorrizko bertsioa: online mundu erraldoia bisitatu ahal izan zuten bertan asiarrek. 2022an DQ X offline berregitea prestatu zuten PlayStation, Switch eta PC bertsioekin.

Offline bertsioa ez da, baina, joko berbera sare gabeko funtzionalitateekin. Guztiz berregin zuten japoniarrek: atal grafikoa aldatzearekin batera, jokagarritasuna ere moldatu zuten, sagaren ohiko txandakako borrokak inplementatuz —originalak denbora errealeko sistema zeukan—.

Mendebaldeko Dragon Quest jokalariek behin eta berriro eskatutako atala da hamargarrena; adibidez, kontsoletako zein ordenagailuko DQ X Offline bertsioak erabiltzeko hainbat gida aurki ditzakegu sarean. Are gehiago, duela egun batzuk ingelesezko lokalizazioaren 4.0 bertsioa jaso genuen zaleen eskutik: 2022an abiatutako itzulpengintza proiektuaren eguneratzea, hain zuzen ere.

Square Enixek, oraingoz, ez dauka DQ X mendebaldean ofizialki estreinatzeko asmorik, edo hori adierazi zuten iaz egindako sagaren 35. urteurrenaren ospakizunean. Aukerak hazten doaz, behintzat, frankiziak hartutako indarrari esker: DQ XIrekin sagaren oihartzuna nabarmen areagotu zen mendebaldean, eta azken jokoek nahiz berregiteek interes handia piztu dute Japoniatik kanpo.

Aurten jaso behar ditugu, gainera, Dragon Quest I eta II HD-2D remake-ak: pasa den urtean estreinatutako DQ IIIren berregitearekin trilogia berria osatu gura dute japoniarrek.

Esan bezala, DQ X Offline gaur estreinatzen da, Japonian, Android eta iOS bertsioetan.