Proiektuari berrekin diote Square Enix-etik. Dragon Quest Monsters: The Withered World ere aurkeztu dute.

Square Enixek Dragon Quest sagaren 40. urteurrena ospatzeko emanaldi berezia eskaini du. Bertan, Dragon Quest XII berriro aurkeztu dute Yuji Horii diseinatzaileak eta Yosuke Saito ekoizleak; hori bai, hamabigarren atalaren proiektua hutsetik berrabiarazi dutela adierazi dute.

Eraberritutako JRPG tituluak azpititulu berria dauka. Dragon Quest XII: Beyond Dreams deituko da sagaren atal berria. Duela bost urte The Flames of Fate izenarekin aurkeztu zuten, baina, Horiik eta taldeak sortutakoak alboratu, eta jokoa berriz garatzeari ekin zioten.

Beyond Dreamsek, gainera, lehen trailerra jaso du, protagonistak zein mundua ezagutzera emanda. Frankiziaren atal nagusien oinarri guztiak mantenduko direla dirudi: Akira Toriyama mangaka ezagunaren diseinuei eta unibertso koloretsuari zein Koichi Sugiyama musikagilearen doinuei, eta JRPG borrokak gehituko zaizkio. Hasiera batean iragarritako jokotik aldendu direla diote egileek, baina zaleek “maitatuko” dutela aldarrikatuta.

Hori bai, “orain arte DQ joko batean ikusi gabeko elementu ugari” edukiko dituela aipatu du Saitok. Bere zutabeak 40 urtez sendo mantendu dituen saga da Dragon Quest, beraz, zer nolako aldaketak dakartzan ikusi beharko da.

Dragon Quest XII: Beyond Dreams baieztatuta plataformarik zein argitaratze datarik gabe iragarri dute.

 

Iragarpen gehiago

Hamabigarren jokoari lotutakoa ez da zuzeneko laburraren iragarpen bakarra izan. Emanaldia bukatu baino lehen Dragon Quest Monsters azpisagako atal berria ezagutarazi dute: The Withered World.

Datu askorik eskaini gabe, “laster” estreinatuko dela adierazi dute arduradunek: Switch 1 eta 2, PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan eta ordenagailuetan kaleratuko da. Monsters jokoek Pokémon estiloko mekanikak erabiltzen dituzte, Toriyamak sortutako munstroak harrapatzeko mekanikak inplementatuz, eta hauekin borrokatuz. Azken jokoa 2023an kaleratutako Dragon Quest Monsters: The Dark Prince dugu.

Amaitzeko, Dragon Quest XI S: Echoes of an Elusive Age – Definitive Edition tituluak Switch 2rako bereziki prestatutako bertsioa edukiko duela aurreratu digute. Irailaren 24an estreinatuko da.