Aurkezpen berezia egin dute Capcom-ekoek mundu irekiko abenturaren mekanikak, istorioa eta ezaugarriak aditzera emateko.
Dragon’s Dogmaren zaleak urteak daramatzate bigarren —benetako— atalaren zain, eta Capcomek azkenik zehaztu du horren kaleratze data. Martxoaren 22an merkaturatuko dute DD2 PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan.
Iragarpena Dragon’s Dogma 2 Showcase 2023aren aterpean egin dute; argi dagoenez, bazekiten jarratzaileak desiratzen dauden jokoa dela. Ordu laurden eskas iraun duen ekimenak hainbat trailer erakusteko balio izan du, baita Hideaki Itsuno zuzendariaren nahiz Yoshiaki Hirabayashi ekoizlearen adierazpenak eta hausnarketak entzuteko ere.
Fantasiazko Erdi Aroko girotzea berreskuratuko du bigarren abenturak, baina bisitatuko dugun mundua guztiz desberdina izango da; horrela, aurreko jokoan ibili ez zirenek titulu berriarekin hasterakoan arazorik ez edukitzea bilatzen dute japoniarrek.
Beste behin, Altxatutakoaren (Arisen) rola bete beharko dugu mundua salbatzeko helburuarekin. Gure pertsonaia sortzeari ekingo diogu hainbat ezaugarriren zein bokazioren artean hautatuz: gerrariak, arkulariak, lapurrak, pikaroak edo magoak izan gaitezke, besteak beste, bakoitza bere berezitasunekin eta mugimenduekin.
Armategi eta aztikeria mordoa edukiko ditugu beste behin. Ezpatak, aizkorak, arkuak eta suz, elektrizitate edo haize magiak erabiliko ditugu; egia esan, gure pertsonaiak hobetu ahala sekulako astakeriak sor ditzakegu.
Ez larritu, pertsonaiak sortzerakoan zein hobetzerakoan ez da aukera okerrik egongo-eta; izan ere, gure ahulguneak orekatzeko taldekideen laguntza jasoko dugu. Abentura osoan lagunduko gaituzte askotariko arriskuei aurre egiten.
Premisa ezagun horren atzean nortasun propioa daukan RPG abentura erraldoiarekin topo egingo dugu DD2n. RE Engine garapen motore ikaragarriarekin eratutako mundua ederra eta errealista izango da, anime ukituekin.
Erabateko protagonistak, baina, erresumetako munstroak izango dira. Folklore eta mitologia desberdinetatik ateratako piztiak ikusiko ditugu Capcomen obran: hidrak, ziklopeak, trollak, medusak eta askoz gehiago agertuko dira. Azken trailerrean ikusitako berritasunetako bat Talos koloso erraldoia izango da.
Aipatutako arerioak gainditzeko eskalatze mekanikak itzuliko dira, zelan ez: joko originalean egin bezala, munstroen gainera jauzi egin eta hauen ahulguneei erasotzeko eskalatzeari ekingo diogu.
Ikusitakoarekin zaleen zein hasiberrien gurariak betetzeko asmoa dutela nabari daiteke. Esan bezala, gutxi falta da Dragon’s Dogma 2 estreinatzeko: 2024ko martxoaren 22tik aurrera jokatu ahalko dugu PC, Xbox Series eta PS5 gailuetan.
Iruzkinak