Media Molecule-ko garatzaileek bideo-jokoak sortzeko lanari berritasunak gehitzen jarraitzen dute.

Iaz ofizialki kaleratutako Dreams bideo-jokoak jokatzea eskaintzen badu ere, bere ardatz nagusia da sormena. Izan ere, Media Molecule estudioaren obran jokogintzan murgilduko dira erabiltzaileak, edozein motatako lanak sortzeko herramintak eskaintzen baititu lan honek. Argitaratu zenetik eduki berriekin hazten joan da Dreams; azken DLC-arekin komunitatearen laguntza eta elkarlana eskatu dute arduradunek, baina.

Megapenguin: Rehatched kolaborazio proiektuak istorio interesgarria dauka atzean. 2018ko E3-an aurkeztu zuten lehen aldiz garatzaileek Megapenguin pertsonaia. Zaleei berarentzako abentura bat eratzeko eskakizuna egin zieten ordu hartan, eta ideia hori hartuta sortu dute Rehatched proiektua.

Dreamiverse unibertsoan sartuko da pinguino indartsua abentura hasieran bere espazio ontziarekin, baina istripua izan ondoren hori konpontzeko piezak aurkitzea izango da bere helburua. Abenturaren lehen hiru mailak argitaratu dituzte arduradunek, baina komunitateak horiek nahi bezala aldatu eta amaiera berriak sortzeko aukera dauka, baita hurrengo mailak ere.

Modu horretara sormena sustatu eta erabiltzaileei beraien lanak partekatzeko aukera eskaintzen dute Media Moleculekoek. Hori lortzeko oinarrizko baliabide batzuk eskuragai jarri dituzte Dreamsen bilduma digitalean; horiek hartuta nahi dutena egin dezakete sortzaileek. Maila eta aldaketak erronken orrialdetik igo beharko dira.

Dreams PlayStation 4-rako eskuragarri dago.