Kontsoletan eta ordenagailuetan estreinatuko da Black Salt Games-en proposamen interesgarria.

Garatzaile independenteen eskutik bideojoko bitxi zein erakargarriak jasotzen jarraitzen dugu. Hurrengo adibideetako bat Dredge da: arrantza, kudeaketa eta esplorazioa beldurrezko kutsuarekin nahastuko dituen abentura martxoaren 30ean estreinatuko dela jakitera eman du Team17 argitaletxeak.

Black Salt Gamesek garatutako bideojokoan uhartedi batera lan bila iritsi den arrantzale baten rola beteko dugu. Bidaian ontzia galdu ondoren, irletako herrixka nagusiak txalupa berria eskainiko dio. Arrantzan aritzea izango da helburuetako bat; lortutako arrainak salduz gure ontzia hobetu eta are urrunago joan ahalko gara, baita bestelako arrain mota batzuk harrapatu ere. Guztira 125 arrain mota agintzen dituzte garatzaileek.

Horrez gain, beste irla batzuetara bidaiatuko, bertako bizilagunak ezagutuko eta hauen misioak beteko ditugu: ozeanoek hainbat altxor gordetzen dituzte, eta horiek eskuratu nahiko dituzte. Horrela, istorioan aurrera egingo dugu, beste leku batzuk desblokeatuz eta uhartedia inguratzen duen misterioan sakonduz.

Jokagarritasun irudiak ikusita poligono urriko estetika koloretsua aurkezten badu ere, girotzea ez da horren alaia izango; esan bezala, beldur elementuak biltzen ditu Dredgek.

Gauez arrantzan bagabiltza itsasoa ez dela horren lasaia nabariko dugu… jazoera batzuk gure buru barruan egongo dira, baina zenbait ez dira ilusio hutsak izango. Kontuz ibili beharko gara, beti gure zentzutasun barra zainduz nahiz itsas hondoko izakiak urrun mantenduz.

Aurreko Steam Next Fest ekimenean doako demoa eskaini ondoren, probak aurkeztutakoen inguruan hitz egin genuen gure irratsaioan:

Aipatu modura, Black Saltekoen proposamen berezia martxoaren 30ean merkaturatuko da. PC-an estreinatzeaz gain, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch kontsoletan ere kaleratuko dute Team17koek.