Zaleek prestatutako aplikazioak Steam Big Picture zein bere bideojokoak eskaintzen ditu Androiden: ARM64 Proton eta FEX bateragarritasun geruzez baliatzen da.

PCko bideojokoen aro berria iritsi da, baina ordena berrian ez gara ordenagailuetara mugatuko. Valve-k Steamen ARM bertsioa publikoa eta irekia eginda, zaleak denetariko erremintak prestatzen hasi dira. Azkena, eta, interesgarriena, DroidDeck da: SteamOS Android gailuetara darama.

Oraingoz, zehazki, SnapDragon prozesadoreak dituzten gailuetara mugatzen da. Aplikazioa Github orrialdetik jaitsita eta instalatuta, prozesu erabilerrazaren ondoren Steam Big Picture interfazea ikusiko dugu gure Android mugikorretan edo kontsoletan; hots, Steam Deck edo Machine gailuetan ikus dezakegun interfaze berbera.

Miraria tresna eta geruza ugariren fusioaren emaitza da. Steam ARM, ARM64 Proton, FEX, Turnip eta KGSL Vulkan Pipeline erabilita, PCrako —x86/x64 arkitekturadun ordenagailuetarako, hobeto esanda— sortutako bideojokoak ARM arkitekturadun prozesadoreak dituzten Android gailuetan exekuta ditzake.

Hori baino gehiago egiten du DroidDeckek, halere: ukipen pantaila bidezko aginteak —mando arruntekin batera—, giroskopioa, GNU/Linux mahaigaina, emulagailuak erabiltzeko aukera eta askoz gehiago biltzen ditu aplikazioak. Etorkizunean, lana fintzea eta are ezaugarri gehiago gaineratzea aurreikusten da, atzean komunitate sendoa duen kode irekiko erreminta baita.

Bideojokoei begira jarrita, bateragarritasun maila handia duten asko ikus daitezke dagoeneko, baina oraindik lan handia dago egiteke. SnapDragon gailuak eta Turnip driver-ak dira gakoa momentuz: beste era bateko gailua edukiz gero, arazoak nabarmen areagotuko dira, euskarri eskasa baitaukate oraingoz. Ayn Odin 2, Retroid Pocket 5, GPD Win 4 edo Samsung Galaxy S24 Ultra gailuak ageri dira proiektuaren bateragarritasun atalean, adibidez.

SteamOS, ARM prozesadoreetan: muga guztiak hautsi nahian artikuluan aipatu genizuen bezalaxe, azken hilabeteotan antzekoa lortzeko proiektu ugari ikusi ditugu. GameHub, GameNative edo Armada izan dira ezagunenak; halere, Steam Frame VR gailuak kaleratuta, eta, horiekin, Steam ARM guztion esku utzita, aukerak biderkatzen dabiltza.

Proiektuok aurrerapenak ziztu bizian jasotzen dituzte, bai zaleen eskutik, bai Valvek eta CodeWeavers taldeak garatzen dituzten bateragarritasun geruzen eta bestelakoen eguneraketetatik. Valvetik antzeko zerbait ofizialagoa espero dute askok; oraingoz, DroidDeck bezalakoek eskaintzen dutenarekin, PCko jokoen eskaintza gailu sorta guztiz berrira iritsi da.