Ekainean kaleratuko da PC eta kontsoletarako Tuque Games prestatzen ari den bideo-jokoa.

Ziegak eta herensugeak akziozko joko kooperatiboarekin itzuliko dira bideo-jokoetara. Dungeons & Dragons: Dark Alliance pasa den urte bukaeran aurkeztu ondoren, jarratzaileek ez dute Tuque Games garatzen ari den lanari buruzko informazio gehiagorik jaso, orain arte behintzat. Jostagarritasuna agerian jartzen duen trailerrarekin lau pertsonaia mota desberdinek edukiko dituzte abileziak erakutsi dituzte arduradunek.

Gerlaria, aztia, arkularia eta pikaroa izango dira hautatzeko egongo diren pertsonaiak. Ozzy Osbournen Straight to Hell abestiarekin aurkeztu dituzte hauek. Hurbileko kamerarekin jokatuko den akziozko jokoa izango da Dark Alliance; Left 4 Dead edo Warhammer: Vermintiden egin antzera hainbat etsairen aurka arituko dira jokalariak eraso eta botere bereziak erabiltzen dituzten bitartean.

Ahalmenei dagokienez, heroiak pertsonalizatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute garatzaileek. Botereez gain itxura ere aldatzen joan ahalko da, nola ez.

Lau jokalari batera aritu ahalko dira abentura honetan, baina bakarka jokatzeko aukera egongo dela azpimarratu dute Tuque Gamesekoek; halere, bakarka dabiltzatenek abentura nekeza edukiko dutela diote.

Dungeons & Dragons: Dark Alliance ekainaren 22an kaleratuko dute PC eta kontsoletan: PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onean jokatu ahalko da.