Kabi@ gunean batuko dira Game Erauntsia eta Rolariak elkarteak txikiei zein helduei bideratutako egun osoko eskaintza osatzeko.

Durangoko Azokaren 61. edizioan izango dira euskarazko bideojokoak eta rol partidak. Gamer Gelarekin, urtero lez, batzen gaituzten zaletasunetan gure mintzairan aritzeko aukera dagoela aldarrikatuko da abenduaren 5ean.

Game Erauntsia eta Rolariak elkarteko kideak ariko gara Landakogunean kokatutako Kabi@ espazioan, egun osoan partidak eta ekintzak proposatuta: 10:30ean ekingo zaio Gamer Gelari, 19:30ak aldera saioak bukatutzat emateko. Euskarazko jokoen erakusleihoa etxeko txikienei eta gazteei zuzendutako ekintza izango da, nagusiki; halere, helduek ere hurreratzeko eta gozatzeko aukera edukiko dute, beti bezalaxe.

Euskal bideojokozaleen elkartearen aldetik, euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezkeen tituluak ezagutzera ematea eta hauek probatzeko aukera eskaintzen ariko gara. Aurten 40 bideojoko berri gehitu ditugu katalogora: FEZ, Nuclear Throne, Alba: A Wildlife Adventure, Dome Keeper, Sifu, Roombattle eta beste hainbat joko nabarmen joka ditzakegu dagoeneko euskaraz. Azokan horiek ezagutzera ematea izango da gure lana.

Rolariak Elkarteko kideek, bestalde, mahaijokoetan parte hartzeko aukera eskainiko diete hurreratzen direnei. Maizterren gidaritzapean gozatuko dute jokalariek, rol partiden mundua euskaraz ezagutzeko aukera aparta izanik.

Jarraian duzue saioen ordutegia:

  • Bideojoko saioak:
    • 10:30etik 19:30era, ordu erdiro. 13:00etatik 16:30era atsedenaldirako tartea egongo da.
    • 30 minutuko iraupena edukiko du saio bakoitzak.
    • 30 pertsonako edukiera onartuko da.
    • Parte hartzeko, Kabi@ guneko sarreran tiketa hartu beharko da.
  • Rol saioak:
    • 11:00etan – Magia hiritarra.
    • 12:00etan – Fantasia munduak.
    • 17:00etan – Mendi abenturak.
    • 18:00etan – Mendi abenturak.
    • 30-60 minutuko iraupena edukiko du saio bakoitzak.
    • 5 pertsona ariko dira saioetan.
    • Parte hartzeko, Kabi@ guneko sarreran tiketa hartu beharko da.

Webgune ofizialean, bestalde, Durangoko Azokaren egitarau osoa irakur dezakezue.

Game Erauntsiako zein Rolariakeko kideak desbirtualizatzeko eta elkar ezagutzeko egun aproposa izango da: etor zaitezte gu bisitatzera eta euskarazko jokoak probatzera. Abenduaren 5ean, hurreratu Durangoko Azokara eta Kabi@ gunera!

Post by @kabiadurango@mastodon.eus
View on Mastodon