Garapena helmugara heltzear dagoen arren bideo-jokoa “nahi duten mailara iristeko” azken ukituak eta hobekuntzak egiteko denbora eskatu dute garatzaileek.

Uda hastear zegoela Dying Light 2 Stay Human berriz ikusteko aukera egon zen, hainbat hilabetez desagertuta egon ondoren. Bideo-jokoa osasun onean zegoela ikus zezakeen trailer berriekin, eta Techlandekoek argitaratze data eta guzti emateko aprobetxatu zuten prestatutako aurkezpen handia: abenduaren 7rako iragarri zuten. Halere, aste batzuen ondoren berriz atzeratu dute zonbien abentura, eta azkenik otsailean estreinatuko dela jakinarazi dute sare sozialetatik.

Pawel Marchewka Techlandeko presidenteak idatzitako mezu batekin baieztatu dute geroratzea. Garapen prozesua ia bukatzear dagoela azaldu du bertan, baina azken hobekuntzak egiteko aste batzuk beharko dituztela dio estudio poloniarreko buruak. “Taldea ekoizpenarekin aurrera doa eta jokoa helmugara hurbiltzen dago. Dagoeneko osatuta dago, eta orain frogak egiten gabiltza”, dio Marchewkak. “Zoritxarrez, nahi dugun mailara iristeko eta fintzeko zein optimizatzeko denbora gehiago beharko dugula ikusi dugu”.

Iragartzerakoan Dying Light 2 2020an argitaratzeko asmoa zeukaten Techlandekoek. Aurten bideo-jokoa “azkarregi” erakutsi zutela aitortu zuten poloniarrek, hainbat atzerapenen ostean.

Izan ere, garapen prozesuan era guztietako arazoak eduki dituzte: koronabirusak garapenan oztopoak jarri ditu, nola ez, baina Chris Avellone gidoilariak jasotako abusu sexualen salaketak edota garatzaileko lankideek salatutako giro toxikoak ere zeresana eduki dute bideo-jokoa sortzerako orduan. Are gehiago, iturri anonimoen arabera garapena “sekulako dekalabrua” izan zen, Polski Gamedev agerkiariak adierazi bezala.

Zonbiak eta parkourra batuko ditu Stay Humanek: Hiria zeharkatzeko bertikaltasuna ezinbestekoa izango da eta saltoka arituko da Aiden Caldwell leku batetik bestera iristeko. Lehen pertsonan jokatuko da abenturan, eta jokalariek hartutako erabakiek pisu handia edukiko dute istorioan.

Dying Light 2 Stay Human otsailaren 4an estreinatuko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.