Indie bideo-jokoak izan dira banatzaile ezagunaren ardatza. Proposamen gutxi, baina benetan interesgarriak bildu dituzte E3ko aurkezpenean.

Enpresa eta garatzaile handienen ekimenek erakarri ohi dituzte begirada guztiak Electronic Entertainment Expoetan. Halere badira baliabide gutxiagorekin aurkezpen desberdin eta bereziak egiten dituzten banatzaile txikiagoak. Horien artean aurkitzen da urterik urte harritzen jarraitzen duen Devolver Digital.

Indie proiektuekin lan egiten du Devolverrek: hori horrela, E3ko ekitaldiak horien inguruan izaten dira. Publiko zabalari zuzendutako bideo-jokoak garatzen dituzten garatzaileekin batera, proposamen interesgarriak batzen dituzten obrak ere bultzatzen ditu banatzaileak, eta horietako batzuk ikusi ahal izan ziren Devolver Direct aurkezpenean.

Shadow Warriorren reboot arrakastatsuaren hirugarren atalaren gameplayarekin hasi zuten ekimena. Bigarren jokoaren prozeduralki sortutako kooperatiboa alboratu egingo dute eta erroetara itzuliko dira, joan den urtean id Softwarek kaleratutako Doom Eternal gogora ekarriko duen Shadow Warrior 3rekin.

Atal grafikoan hobekuntza nabarmenekin PC, PS4 eta Xbox One plataformetarako garatzen ari dira Flying Wild Hogeko garatzaileak. 2021ean kaleratuko duten arren, oraindik ez dute egun zehatza baieztatu.

Katanekin jarraitu zuten Devolverrekoek, baina girotze guztiz desberdina edukiko duen abentura bereziarekin. Trek to Yomik Akira Kurosawa zinemagilearen filmak gogoraraziko ditu zuri-beltzezko estetika interesgarri batekin. Hiru dimentsiotan egon arren 2D jostagarritasuna izango du Leonard Menchiari garatzailearen obra honek.

Hiroki samuraiaren kontrola hartuko dute bertan jokalariek bere maisuaren azken agindua betetzeko helburuarekin: herrixka bat babestea izango da Hirokiren betebeharra. 2022an merkaturatuko du Devolverrek PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako.

Game Erauntsian dagoeneko hitz egin genuen Phantom Abyss interesgarriari buruz. Multijokalari asinkroniko honek Indiana Jonesen pausoak jarraituko dituzten jokalariak bilduko ditu tenplu madarikatuetako altxorrak bilatzeko. Esploratzaile bakarrak lortu ahalko du azken altxorra: hori eskuratzerakoan tenplua betiko itxiko da, eta prozeduralki eratutako hurrengo frogara igaro beharko da. Kale eginez gero ezingo da berriz saiatu tenplu berberan.

Ekainaren 22an, datorren astean, estreinatuko da sarbide goiztiarrean Steam plataforman.

Galvanic Gamesen hurrengo lanak orain arte gutxitan proposatutako ideia plazaratuko du: zer egin dezake azti batek pistola batekin? Wizard with a Gun mundu irekiko multijokalari abentura izango da. Don’t Starven ikusi antzeran bizirauteko materialak bildu eta horiekin armak hobetuko dituzte aztiek magia zoroak erabilita.

Nintendo Switcherako zein PCrako prestatzen ari dira 2022rako argitaratze datarekin.

Ikuspegi isometrikodun abentura izango da Death’s Door. Bele baten kontrola hartutako hildakoen arimak bildu beharko dira Acid Nerven jokoan. Borrokak eta puzzleak batuko ditu, The Legend of Zelda saga gogora ekarrita.

Uztailaren 20an irekiko ditu bere ateak PC, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.

Kartak sarritan izaten dira indie proiektuen oinarria, baina oraingoan beldurrarekin nahastuko ditu Inscryption interesgarriak. Bizirik jarraitzeko sakrifizioak egitea ezinbestekoa izango da obra berezi honetan. 2021ean merkaturatuko du PCrako Daniel Mullins Games estudioak.

Devolver Directa bukatzeko zaleen artean asko gustatu ez zen bideo-jokoa iragarri zuten. Demon Throttlek itxura bikaina du, 8-biteko garaietako estetika shoot ‘em up batekin nahastuta. Hala ere, Devolver Digitalek azken hitz hori alboratu eta soilik fisikoan kaleratzeko asmoa agertu du. Nintendo Switcherako eskuratu ahalko da datorren urtean.

E3 2021eko beste hainbat aurkezpenekin egin modura, Game Erauntsiako kideak batu egin ziren zuzenekoa jarraitzeko asmoarekin. Devolver Digitala elkartearekin osorik ikusi nahi baduzu, jarraian daukazu bideoa: