Ezusteko gutxi iragarri dituen arren, frantsesek bideo-jokalarien arreta erakartzeko proposamenak bildu dituzte bere Ubisoft Forwardean.

E3a iritsi da azkenean. Formatu desberdinarekin baina betiko nortasunarekin -etxetik jarraitzen duten zale gehienentzat, behintzat- eman diote hasiera bideo-jokoen munduko azokarik handienari. Aurten aldaketa handiak jaso ditu ESAren egitasmoak, bai koronabirusaren eraginagatik formatu digitalera pasa behar izanarekin, baina baita beti egoten ziren garatzaile eta enpresa handi askoren hutsunearekin ere.

Hori horrela, aurkezpenen lehen eguneko jarduera handia Ubisoften eskutik etorri da. Frantsesek dagoeneko hainbat joko eta proiektu ezagutzera emanda izan dituzte aurretik, beraz ez da egon ustekabeko handirik jarraitzaileen artean; filtrazioak ere gertatu ziren aurkezpenaren aurretik, gainera. Hala ere bideo-joko kopuru erraldoia batu zuten Ubisoft Forward aurkezpen honetarako.

Ustekabekorik handiena, zalantzarik gabe, James Cameron zinemagileak zuzendutako Avatar filmearen bideo-joko berria izan zen. Avatar: Frontiers of Pandora izenpean, 2022an helduko da PC, PS5, Xbox Series, Google Stadia eta Amazon Luna plataformetara, aurreko kontsolen belaunaldia alboratuta. Massive Entertainment garatzailearen eskuetan dago proiektua: Star Warsen bideo-joko berria prestatzen ari dira baita.

Bertan Pandora planetaren gune berriak esploratu beharko dituzte jokalariek Na’vi arrazako kide baten kontrola hartuta. Snowdrop Engine motor grafikoarekin “mundu bizi eta erreaktiboa” agindu dute arduradunek.

Nintendok aurkezpenaren aldetik nahi gabe iragarri bazuen ere ustekabeko ederra izan zen Mario eta Rabbid izakien abenturaren jarraipena aurkeztuta ikustea. Mario + Rabbids Sparks of Hope Firaxisen XCOM sagako txandakako estrategia mantentzen jarraituko du, baina hainbat berritasunekin.

Japoniarrekin egindako elkarlanak Super Mario Galaxyko hainbat elementu bereganatuko ditu, Rosalina pertsonaia barne. Gainera, borrokak ausazkoak izango dira, eta borroka zelaian libreki kokatu ahalko dira pertsonaiak, laukiz osatutako guneak ezabatuta. Hau ere zehaztu gabeko 2022ko egun batean argitaratuko dute; Nintendo Switcherako esklusiboa izango da, nola ez. Trailer zinematikoarekin batera jostagarritasuna ere erakutsi dute Ubisoftekoek.

Orain egun batzuk Far Cryren seigarren atalari zuzendutako aurkezpen berezia egin zuten, baina tiro jokoen sagako abentura berria ezin zen falta E3an.

Giancarlo Esposito aktoreak aurpegia jartzen dion Anton Castillo bilaua izan zen erakutsiko trailerraren ardatza, baina frankiziaren jarraitzaileei zuzendutako ustekabekoa ere prestatu zuten arduradunek. Season Passeko eduki gehigarrien baitan aurreko Far Cryetako bilauen kontrola hartzeko aukera eskainiko dute: Vaas, Pagan Min eta Joseph Seed zitalen ikuspegitik biolentziaz betetako DLCak izango dira hauek.

Musikak ere bere txokoa izan zuen Ubisoft Forwardean. Eta ez, ez zen Just Dancen 2022ko atalera soilik mugatu. Gitarra joleentzako Rocksmith bueltan da, Rocksmith+ deitutako jokoarekin. Harpidetza bidez funtzionatuko du bertsio honek: online bidez entseatu ahalko da bakarrik gitarra akustikoekin zein elektrikoekin.

PCrako betarako izen ematea abiarazi dute Ubisoftekoek. Argitaratze datari dagokionez, PCko bertsioa udan kaleratuko dutela aurreratu dute; PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoleratara udazkenean iritsiko dela diote.

Dagoeneko argitaratutako bideo-jokoentzat hainbat DLC eta eduki gehigarri aurkeztu ziren Forwardean. Assassin’s Creed ValhallaWatch Dogs: Legion, TrackmaniaThe Crew 2Brawlhalla eta Rainbow Six Siege izango dira etorkizunean eduki berriak jasoko dituzten Ubisoften lanak.

Riders Republicek argitaratze data eta trailer berria jaso zituen aurkezpenaren baitan. Era guztietako kirol zoroak batuko dituen abentura multijokalari hau irailaren 2an estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Stadia plataformetan.

Bertan bakarka zein taldeka lehiatuko dira partaideak askotariko joko motetan. Lasterketak, puntuen ikuskizunak, eta gehiago batuko dituzte bizikletan, motorrean, snowboardean edota jantzi hegalarian gozatzeko. PCan zein belaunaldi berriko kontsoletan 50 jokalari ariko dira batera; PS4an eta Xbox Onean 20 bat bildu ahalko dira gehienez.

Rainbow Six Siegek DLCak edukiko dituela aipatuta, joko berria ere izango duela iragarri zuen Ubisoftek. Rainbow Six Extraction izenarekin, agente bereziek inbasio estralurtar bati aurre egin beharko diote abentura honetan, Left 4 Dead gogora ekartzen duen akzio kooperatiboarekin. Irailaren 16an kaleratuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako.

Ubisoft Forward aurkezpenaren jarraipena egin genuen Game Erauntsiatik. Osorik ikusi nahi baduzu, jarraian aurkituko duzu bideoa: