Forza Horizon 5, Halo Infinite, Starfield, Redfall eta askoz gehiago izan ziren Redmondekoek aurkezpeneko izarrak.

Xboxena 2021eko E3ko aurkezpenik handiena izatea aurreikusten zen. Ez da gutxiagorako: Microsoftekoek Bethesda eta Zenimaxen bideo-joko estudio guztiak bereganatu zituen orain hilabete batzuk, eta horren ondorioz azokako ekimena batera egingo zutela iragarri zuten Xbox & Bethesda Games Showcase izenpean. Aurreikuspenak bete egin zituzten Redmondekoek 30 bat joko bilduta 90 minutuko iraupeneko aurkezpenean.

Gogor hasi zuten ekimena. Bethesdaren obra desiratuenetako batekin ekin zioten aurkezpenari: ez, ez zen The Elder Scrolls VI izan. RPG frankiziaren hurrengo atala kaleratzeko asko falta da oraindik, eta aipamen txiki bat baino ez zioten egin. Horren ordez antzeko eskema jarraituko duten Starfield espazioko RPGa erakutsi zuten. Alfan baino ez dagoen arren estetika eta girotzea agerian jartzeko in-game bideoarekin aurkeztu zuten orain bi urte iragarritako proiektua.

Bethesda Game Studiosek 25 urtetan lehen aldiz sortzen duen obra guztiz berria izango da Starfield. Pertsonaia propioa sortu eta izarrak esploratzera eramango ditu jokalariak “gizadiaren misteriorik handienaren erantzuna” bilatzen duten bitartean. Gameplayik erakutsi gabe geratu ziren, baina argitaratze data zehaztu zuten Bethesdakoek: 2022ko azaroaren 11n kaleratuko dute, Skyrim baino 11 urte geroago zehazki.

Esklusibotasun gaiak zehazteko ere aprobetxatu zuten eta bai, kontsolen aldetik Xboxeko esklusiboa izango da proiektu erraldoi hau. Xbox Series bidez kaleratuko dute, eta PCra ere iritsiko da gainera. Xbox Game Passean lehen egunetik jokatu ahalko den lana izango da, ondoren iragarritako bideo-joko gehienekin gertatu modura.

Dagoeneko iragarritako, baina sekulako ezustekoa suposatu zuen jokoarekin jarraitu zuten aurkezpena. GSC Game Worldeko ukrainarrek garatutako S.T.A.L.K.E.R. 2k ikaragarrizko atal grafikoa erakutsi zuen. Txernobylgo zentral nuklearraren inguruetan girotutako nitxozko sagaren jarraipenak aurreko jokoetako eskema berbera jarraituko du: tiroketak, bizirautea eta anomalia beldurgarriak bilduko dituzte bertan.

Kasu honeta ere argitaratze data zehaztu zuten arduradunek: 2022ko apirilaren 28an helduko da S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chernobyl Xbox Seriesetara zein PCra.

Jack Sparrow pirata iritsiko da Rareren Sea of Thieves multijokalari abenturara ekainaren 22an; urriaren 12an estreinatuko den Back 4 Blood tiro jokoaren trailer berria erakutsi zuten; Xbox Game Studios eta Avalanche Studios Contraband izeneko multijokalarian lan egiten dabiltza, eta hori iragartzeko trailer zinematikoa aurkeztu zuten showcasean.

Orain egun gutxi batzuk aurkeztu zuten, baina Battlefield 2042ren gameplay ikusgarria Xboxen aurkezpenean ikusi da lehen aldiz. Battlefield 3an eta 4an ikusitakoa hurrengo mailara eramateko asmoa dauka, 128 jokalari mapa erraldoietan batuta. Ibilgailuak, eztandak, gantxoak eta planeatzeko jantziak barra-barra ikusiko dira EAren tiro jokoan.

Urriaren 22an kaleratuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako. Aurretik beta irekia edukiko duela agindu dute garatzaileek.

Annapurnak beste batez Twelve Minutes zirraragarriaren bideotxoa erakusteko tartetxoa hartu zuen: abuztuaren 19an kaleratuko dute. Bethesdak orain arte argitaratutako jokoen berritasunak ezagutzera eman zituen gainera: Fallout 76k bizirik jarraitzen duela erakusteko espantsioak jasoko ditu laster, eta 18 milioi jokalari dituen Elder Scrolls Onlinen Xbox Seriesetarako bereziki egindako bertsioa iragarri zuten.

Plataforma zaleek denboratxoa daramate Double Finen klasiko baten jarraipenaren zain. Bazekiten Psychonauts 2 aurten argitaratuko zela, baina Tim Schaferren taldeak azkenik zehaztu du noiz jokatu ahalko den: abuztuaren 25ean kaleratuko dute Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan. Hori ospatzeko zoratzeko moduko abentura honen trailerra erakutsi zuten gainera.

Supergiant Games indie garatzailearen Hades bikainak ikaragarrizko arrakasta lortu zuen iaz PCan eta Switchean. Orain, Xbox Serieseterako eta Onerako helduko da gainera: abuztuaren 13an kaleratuko da jainkoen bedeinkapenekin betetako roguelike bideo-jokoa. Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan gehituko dute argitaratzerakoan. PlayStationerako ere egun berean helduko da gainera.

Playdead estudioko langile ohiek Limbo eta Inside apartak gogora ekarriko dituen Somerville interesgarria ezagutzera eman zuten ondoren.

Bertan estralurtarren inbasio batetik ihes egiten duen familia baten kontrola hartuko dute jokalariek. Jumpshipeko garatzaileek 2022rako prest edukiko dutela aurreratu dute: Xbox Seriesetarako eta PCrako garatzen ari dira.

Pasa den urtean kaleratu behar zen Xbox Seriesen estreinaldiarekin batera, baina Microsoften kontsolen jarraitzaile sutsuenak oraindik Halo Infiniten zain jarraitzen dute. Hainbat geroratze jasan ditu, baina halere garapen prozesuak aurrera jarraitzen duela aldarrikatu nahi izan zuten 343 Industriesekoak orain arte erakutsi gabeko atalaren xehetasunak emanda.

Haloren multijokalaria inoiz baino ikusgarriagoa izango da bertsio honetan. Ohiko elementuak batuko ditu, baina gantxoarekin sekulakoak egin ahalko dituzte jokalariek. Online partiden belaunaldi berria doakoa izango da gainera: Halo Infiniten multijokalarira dohainik gozatu ahalko dute Xbox Serieseko, Xbox Oneko eta PCko jokalariek.

Kanpaina, baina, ordainpekoa izango da. Bideo-joko osoaren argitaratze data erdizka zehazten bukatu zuten 343koek: 2021eko gabonetarako prest egongo da Halo berria.

Diablo II Resurrecteden gameplay berria erakutsi zuten Blizzardekoek. Dirudienez RPG klasikoaren zinematika guztiak berregingo dituzte remake honetarako, eta izugarrizko kalitatea izango dute. Jokatu ahalko den eguna ere adierazi zuten: irailaren 23an iritsiko da Vicarious Visions prestatzen ari den proiektua PC eta kontsola guztietarako.

A Plague Talek eta Slime Rancherrek jarraipenak jasoko dituzte: A Plague Tale: Requiem eta Slime Rancher 2 2022an kaleratuko dituzte Asobo Studiok eta Monomi Parkek, hurrenez hurren. Far Cry 6 erakusten jarraitu zuten Ubisoftekoek, aurreko egunetako trailerrak gutxi izango balira bezala. Mundfish estudio errusiarrak bere Atomic Heart desiratua beste batez aurkezteko aprobetxatu zuen; tiro joko honek oraindik ez dauka argitaratze datarik, baina.

Bielorrusiako indie ikusgarri batekin jarraitu zuen Xboxen aurkezpenak. Replaceden gizaki baten gorpuaren kontrola hartzen bukatu duen adimen artifiziala izango da protagonista. Xehetasunez betetako bi dimentsiotako pixel artarekin sortua, borrokak eta plataformak ikusiko dira girotzeko apokaliptiko batekin.

Replaced 2022an estreinatuko da Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan.

Obsidianek garatutako Grounded dibertigarriak eduki gehiago jasotzen jarraituko du The Shroom & Doom eguneraketarekin ekainaren 30eanAmong Usek ezin zuen hutsik egin, eta etorkizunerako 15 pertsonentzako partidak iragarri zituen InnerSlothen bideo-joko arrakastatsuak. Abuztuaren 19an merkaturatuko den The Ascent interesgarriak ere bere txokoa eduki zuen ekimenean, trailer guztiz berri batekin. Rabbit & Bear Studioseko japoniarrek Kickstarter bidez finantzatutako Eiyuden Chronicle: Hundred Heroes JRPGaren iragarpena ikusi zen gainera: 2023rako aurreikusten dute, baina aurretik Eiyuden Chronicle: Rising spin-off abentura prestatuko dute.

Ordu eta erdiko iraupeneko aurkezpen luzearen azken txanparako gorde zituzten Microsoftekoek iragarpen hadienak. Urriaren 28an PCrako kaleratuko dute Age of Empires IV desiratuaren irudi berriak erakutsi zituen Relic Entertainmentek. Gameplayari zuzendutako trailerra zen arren, mundu errealeko irudiak ere sartu zituzten tartean. Xbox Game Passaren baitan lortu ahalko da estrategia jokoen saga ezagunenaren laugarren atala.

 

Obsidianekoek The Outer Worlds RPG interesgarriaren jarraipena prestatzen ari direla ezagutzera eman zuten. Proiektua hasi baino ez dute egin, beraz ez dira ausartu argitaratze datarik ematera. Hala ere Xbox Seriesterako eta PCrako garatzen ari dira Fallout bezalako lanen bidea jarraitzen duen frankiziaren atal berria.

Aspaldi baieztatu zuten Xboxekoek Asobo Studiosen Microsoft Flight Simulator arrakastatsua kontsoletara ere iritsiko zela, baina E3ra arte itxaron dute argitaratze data zehatza emateko. Uztailaren 27an merkaturatuko dute Xbox Seriesetarako eta nola ez, Game Pass bidez gozatu ahalko da hegazkinen simulagailu ikusgarri hau.

Aurkezpeneko iragarpenik handiena izan zen ziur asko Forza Horizonen bosgarren atalarena. Zur eta lur uztea lortzen duen atal grafiko harrigarriarekin, oraingo honetan Mexikora eramango ditu gidariak oraingoan Playground Gamesekoen mundu irekiko lasterketen jokoak. Ohi bezala froga mordoa batuko ditu, eta ekimen pertsonalizatuak sortzeko aukera nabarmendu dute bideoan. Trailerra 4K-ko bereizmenean ikustekoa dela aldarrikatu beharra dago.

Ez hori bakarrik, laster jokatu ahalko da Forza benetan arrakastatsua izatera eraman duen spin-off honen atal berrira. Azaroaren 9an Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan kaleratuko dute Redmondekoek.

Aurkezpena bukatzeko Arkane Studioseko maisuen bideo-joko berria iragartzera eman zuten Xboxekoek, bereganatutako Bethesdaren parte direla aprobetxatuta. Redfall orain urte batzuk Elder Scrolls VIren izenetako bat zen arren, ez dauka harremanik Bethesda Game Studiosen lanarekin. Tiroak eta magia batuko ditu Arkaneren abentura honek, bakarka zein lagunekin jokatzeko aukera eskainita. Banpiroen aurka egin beharko da hemen, irla zabala esploratu bitartean.

Argitaratze datarik eman gabe geratu ziren arduradunak. Hori bai, Xbox Seriesetan, Xbox Onean eta PCan jokatu ahalko da.

Game Erauntsiako kideek Xbox & Bethesda Games Showcasearen jarraipena egin zuten zuzenean. Osorik ikusteko, jarraian duzue Youtubeko esteka: