2025erako ekimena guztiz berregituratzeko bideak aztertzen ari da Entertainment Software Association elkartea.

Datorren urteko Electronic Entertainment Expo bideojokoen azoka kolokan dago. Azken urteotan bertan behera geratu ondoren, antolatzaile berriak ekimena alboratzea erabaki du: Reedpop enpresak —PAX azoka ezagunaren zein bideojokoen hainbat hedabideren arduradunak— ESA elkartearekin adostutako akordioa desegin du.

Iaz sinatutako kontratuan Reedpop zenbait urtez E3aren antolakuntzan arduratuko zela hitzartu zuten. Zoritxarrez, aurtengo ekitaldia formatu fisikoan egitea aurreikusita izan arren, bideojoko enpresa handiek parte hartzeari uko egin zioten. Reedpopek zein ESAk 2023ko E3a burutu gabe geratzea adostu zuten azkenik.

“Reedpopekin azken hamalau hilabeteetan burututako elkarlana eskertzen dugu, eta zaleak zein industria hainbat ekimenen bidez elkartzeko egiten dabiltzan saiakerak babesten ditugu”, adierazi du Stanley Pierre-Louis ESAko zuzendariak.

 

Egoitzarik gabe

Hori horrela, etorkizunean ESAk bakarrik jarraituko du E3a prestatzen. 2024koa antolatzeko oztopo gehiago dituztela dirudi; izan ere, 2024ko azokak aurrera egiten badu ez da ohiko lekuan egingo. Los Angeles Convention Centre, 1995. urtetik ekimenaren egoitza nagusia izandakoa, ez da E3aren oinarria izango datorren urtean.

GamesIndustry agerkariaren arabera, ESAkoek aldaketokin 2025erako plangintza eta ideia berriak ekarri nahi dituzte. Horrela, “erabateko berregituratzea” aipatzen dute.

“E3ak gure industrian duten hedapena berdingabea den arren, bideojokoen industriari modurik onenean laguntzeko eboluzionatzeko bideak aztertzen jarraitzen dugu, ekitaldiaren arlo guztiak baloratuz, formatutik kokapeneraino”, dio Pierre-Louisek. “Industriarekiko dugun rolarekiko konprometituta gaude, eta datozen hilabeteetan E3ari buruzko albisteak partekatzea espero dugu”.