Taldekideen arteko desadostasunen ondorioz hartu dute erabakia. 2021ean aurkeztu zuten Celeste arrakastatsuaren garatzaileek.
Earthblade ikusi gabe geratuko gara. EXOK taldeak proiektua bertan behera utzi duela iragarri du estudioaren webgunean argitaratutako artikuluan.
Celeste maitatuaren sortzaileek 2021ean iragarri zuten “esplorakzio” jokoa. Ordutik hona hainbat geroratze izan ditu: 2024an kaleratzeko asmoa zegoen, eta, azkenean, 2025era atzeratu zuten ezeztatu aurretik.
Maddy Thorson garatzailea arduratu da berria emateaz. Erabakia abenduan hartu zutela azaldu du, eta, batez ere, taldekideen arteko desadostasunen ondorioa dela dio. Thorsonek zein Noel Berry egileak Pedro Medeiros pixel art artistarekin hainbat eztabaida izan zituzten Celesteren lizentzien jabetzaren inguruan. Hori dela-eta, akordio batera iritsi, eta bakoitza bere aldetik joan dela azpimarratzen da testuan.
Medeiros galduta, EXOKetik proiektuaren egoera aztertzeari ekin zioten. Thorsonek dioenez, garapenean zeramatzaten epea kontuan hartuta, gutxi aurreratu zutela erabaki zuten. Pena handiz hartutako bidea: “Aurrera egitea erabakiko bagenu, Earthblade joko zoragarria izango litzatekeela uste dut”.
Etorkizunera begira jarri dira. Garatzaile bikotea izatera itzuliko dira Thorson eta Berry; modu horretara, “gure sormen prozesuaren poztasuna berreskuratzea” eta “bideojokoen garapena berriz ezagutzea” bilatzen dute, prototipoekin abiatutako bideojoko txikiagoak garatzeko. Medeiros, bestalde, Neverway izeneko jokoa prestatzen ari da.
Iruzkinak