The Legend of Zelda bezalako abenturetan ikusitakoa jarraitzen duen ARPG ederra 2020 bukaeran estreinatzea aurreikusita zegoen.

Jarraitzaleek argi zeukaten Eastward ez zela 2020an estreinatuko, baina Chucklefish banatzaileak azkenean baieztatu du: 2021era berandutzeko erabakia hartu dute arduradunek.

Akziozko RPGaren Pixpil Gameseko garatzaileek Txinan koronabirusaren ondorioz ezarritako murrizketengatik arazoak eduki dituztela azaldu dute beraien blogean: “Shangaiko taldeak beraien zerbitzuaritarako sarrera galdu zuen urte hasieran koronabirusaren murrizketen ondorioz argindarra moztu zelako”.

Abenturak Nintendoren The Legend of Zelda saga hartzen du inspirazio iturri bezala. Hori horrela esplorazioa, puzzleak eta borrokak nagusi izango dira jokoan; sukaldaritzak ere bere txokoa izango du gainera.

Eastwardeko munduan gizakien biztanleriak behera egin du hiriak erasotzen dituzten pizti ezezagun batzuen ondorioz. Lurrazpian dagoen herritxo bateko meatzari batek neska gazte bat aurkituko du laborategi batean, lurrazaleko mundua ezagutzera eramango dituen abentura zirraragarriari hasiera emanez.

Atal estetiko ederra izango du Eastwardek. Arduradunen arabarera 90. hamarkadako animazio japoniarrean oinarritu dira retro-pixel artea eta hiru dimentsioko argiztapen eraberritzailea batzen dituen estetika sortzerakoan.

PC eta Switcherako aurreikusita dago Pixpil Gamesen eta Chucklefishen lana.