Udaberrian gehituko da burdinezko ukabilaren zortzigarren txapelketara. Jokoaren sarrera bideoarekin batera iragarri dute.

Tekken 8 estreinatzeko egun gutxi batzuk falta dira, eta Bandai Namco azken xehetasunak aurkezten hasia da. Borrokalari mordoa erakusteaz gain, lehen DLC pertsonaia izango dena iragarri dute japoniarrek: sagako adituek —zein noizbehinka jokatu dutenek— ondo baino hobeto ezagutzen duten Eddy Gordo ikusiko dugu jokoan.

Capoeiran aditua azken bideoarekin erakutsi dute, baina ez dugu bere mugimendu sorta ezagutzeko astirik eduki. Diseinu eraberrituarekin, aurreko atal guztietatik gehien aldentzen da itxura aldetik.

Eddy Tekken 8ko lehen denboraldia estreinatuko duen eduki gehigarria izango da. Udaberrian ikusiko dugu, baina bere atzetik beste hiru pertsonaia datoz, bakoitza urtaro desberdinean.

DLCak ezagutzera emateaz gain, arduradunek burdinezko ukabilaren txapelketaren atal berria aurkezteko sarrera bideoa argitaratu dute. Pertsonaia nagusi guztiak ageri dira bertan: Jin Kazama eta Kazuya Mishima aita-semeen arteko borroka izango da ardatza, ordea.

Beraiekin batera itzuliko dira Yoshimitsu, Nina, Paul Phoenix, Kuma eta Lee bezalako izen mitikoak. Dena den, pertsonaia berrientzako tokia ere egongo da: Azucena, Victor eta Reina lehen aldiz borrokatuko dira zortzigarren atalean.

Esan bezala, ez dugu askorik itxaron beharko Tekken 8ko borroketan murgiltzeko: datorren astean, urtarrilaren 26an, merkaturatuko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan. Jokatzeko irrikan dagoenak doako demoa proba dezake bitartean.