Gailu mugikorren merkatuan hazteko helburuarekin erosi ditu. Zuzendaritza berbera mantentzen jarraituko dute jokoen enpresek

Sandbox&Co enpresen talde britainiar erraldoiak Tellmewow eta Edujoy garatzaile bilbotarrak erosi ditu. Bi estudioak gailu mugikorretarako proiektuak prestatzen dituzte; erosketarekin, britainiarrek mugikorrentzako bideo-jokoen munduan hedatu nahi dute.

Modu horretara, talde britainiarraren Sandbox Gaming atalera gehituko dira Bilbokoak. Edujoy 2011. urtean eratu zuen Alberto Iglesiasek. Garatzaileak txikiei zuzendutako jokoak prestatzen ditu nagusiki: haurtxoetatik hasita 8 urtera arteko umeentzako lanak izan ohi dira. Android-erako eta iOS-erako 100 bat bideo-joko sortu dituzte martxan jarri zirenetik, 500 milioi deskarga lortuta nazioartean.

Tellmewow estudioa jaio zen Iglesiasen laguntzarekin Isabel Liebanaren eta Urtzi Jauregibeitiaren eskutik 2018an; adin guztiei zuzendutako joko klasikoak eta memoria entrenatzeko bideratutako puzzle jokoak dira garatzailearen berezitasuna. Hauen lanak 100 milioi aldiz jaitsi dira Play Store zein App Store saltoki digitaletan.

Tellmewoweko langileak. Argazkia: Sandbox Gaming.

Edujoyekin eta Tellmewowekin hezkuntzarako zein publiko orokorrarerako prestatutako joko eramangarrien eskaintza zabaldu nahi dute Sandbox&Cotik; aurretik Poptropica, CoolMathGames edota Code Kingdoms proiektuak prestatu dituzte. Britainiarrek aditzera eman dutenez, bilbotarrek zuzendaritzan jarraituko dute, baina Abhi Arya Sandbox Gamingeko presidentearekin elkarlana abiarazita.

“Gure produktuen arteko benetako osagarritasuna dagoela uste dut”, azaldu du Iglesiasek enpresa britainiarraren blogean egindako adierazpenetan. “Beraz, pozik nago Sandbox Groupera batu garelako eta taldearekin estu lanean gabiltza iniziatiba estrategiko berriak garatzen”.