Joan den udazkenean kaleratutako doako futbol bideojokoaren akatsak zuzenduko eta ezaugarri berriak gehituko dituzte.

Konamikoek jakitera eman dutenez, beren doako eFootballek apirilaren 14an jasoko du azkenik 1.0 bertsioa: PC-ko zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletako jokora iritsiko da lehenengo eguneraketa.

Kaleratze ofizialari buruz ari garen arren, Pro Evolution Soccer-en doako oinordekoa dena iaz estreinatu zuten japoniarrek. Ez zuten, ordea, atal teknikoarekin asmatu: akatsez eta oztopoz beteta iritsi zen futbol titulua. Horri buruz hitz egin dute arduradunek prentsa oharrean: “Jokoa garaiz argitaratzeko fokuratuta genbiltzanez, garrantzitsuena bistatik galdu genuen: kalitatea”, diote bertan. “Dezepzionatuta sentitu ziren zaleengandik kritika gogorrak jaso genituen, nola ez”.

Udazkenean argitaratutako titulua “proba baino ez zela” adierazi zuten bere garaian, baina halere akats nabarmenekin ez zuten jokalarien arreta erakartzea lortu: hutsegitez betetako animazioak, errendimendu eskasa eta erroreak batzen ditu jokoak; gaur egun iritzi eta kritika negatiboak baino ez ditu Steam-eko orrialdean.

Ordutik hona garatzaile taldea akatsak konpontzeko gogor lanean aritu izan dela aldarrikatzen dute Konamikoek. “Zaleen konfidantza berreskuratzea eta mundu osoko futbolzaleek jokoaz are gehiago gozatzea” bilatzen dute.

Modu horretara, jaurtiketak, dribilinak, adimen artifiziala eta estrategia aukerak areagotu eta zuzendu dituzte. Paseen mekanikak eraberritzeari ekin diotela azpimarratzen dute gainera, lehen bertsiokoak geldoak eta huts egiteko aukera handidunak ziren-eta: besteak beste, stunning pass deitutako mekanika gaineratu dute.

Aipatutakoez gain, FIFA-ko Ultimate Team-en antzekoa den Creative Team joko mota eraberritu dute: Dream Team izena edukiko du hurrengo adabakian, eta “ideia mordoa berriztatzeari” ekin diote. Jokalariak eta managerrak kudeatuta talde propioa sortu beharko dugu hemen.

Bukatzeko, oreka eta errendimendu hobekuntzak ere agindu dituzte japoniarrek. Horien guztien berri apirilaren 14an izango dugu, 1.0 bertsioa kaleratzen den egunean, hain zuzen ere. Esan bezala, PCko eta kontsoletako jokoetara iritsiko da adabakia; Android eta iOS gailu mugikorretara ere helduko da, baina ez dute datarik zehaztu.