Master League modalitatea kaleratu gabe jarraitzen dute Konami-koek. Doako futbol jokoan kontsoletan, ordenagailuan zein gailu mugikorretan joka daiteke.
Konamik bere doako futbol jokoaren eguneraketa handia argitaratu du. eFootball 2024 izenarekin, hurrengo denboraldiko taldeak eta jokalariak gehitzen ditu, besteak beste.
3.0 bertsioak nazioarteko hainbat ligatako taldeentzako eguneraketak eta aldaketak ekarri ditu: ekipamenduak, argazkiak, ikurrak, futbol zelaiak, animazioak, esatariak, musika eta askoz gehiago eraberritu dituzte japoniarrek.
Berritasunok ez dira interfazera eta itxurara mugatuko, baina: jokagarritasun mekaniketan ere oreka hobekuntza eta zuzenketa aipagarriak nabariko dituzte jokalariek. Esaterako, driblatzean, paseetan edo jaurtiketetan dozena bat aldaketa txiki aipatzen dituzte. Hauek guztiak eFootballen webgune ofizialean irakur daitezke.
Zoritxarrez, Pro Evolution Soccer-en oinordekoak ez du zaleek gehien espero zuten modalitatea gehitu 2024ko adabakian: Master League. eFootball 2021ean merkaturatu zenetik bueltaka dabilen joko mota da. Gure taldea aukeratzea eta kudeatzea ahalbidetzen zuen; alegia, beste hainbat kirol jokotan horren ohikoa den karrera edo ibilbide modalitatea.
Konamikoek hainbat aldiz aipatu dute Master League eFootballentzat: iaz ordainpeko edukitzat inplementatuko zutela adierazi zuten. Ordu hartan 2023 bukaerarako gehituta egongo zela zioten, beraz oraindik itxaropena dago zaleentzat.
eFootball kritika eta kexa artean merkaturatu zen 2021eko irailean. Doako futbol jokoak akats eta arazo mordoa zituen, Steam bezalako plataformetan balorazio eskasak lortuta jokalarien aldetik. Azken hilabeteotan egoera pixkat aldatu da: gaur egun balorazio kontraesankorrak ditu Valve-koen saltokian.
PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan joka daiteke eFootballen, baita Android eta iOS gailu mugikorretan ere. Esan bezala, dohainik jokatzeko aukera eskaintzen dute.
Iruzkinak