Udako aurkezpenek ustekabekoren bat edo beste utziko digute, baina oraingoz egutegi ederra dator ekainerako.

Ekaina ez da bakarrik aurkezpenetarako, bideojoko interesgarriak ere jasoko ditugu urtearen erdian. Espantsioak eta berregiteak edo dagoeneko estreinatutako tituluenbertsio berriak dira nagusi, ados, baina horrek ez die pisurik kentzen: Shadow of the Erdtree, SMT V: Vengeance edo Luigi’s Mansion 2 HD helduko zaizkigu Monster Hunter Stories ederraren birmasterizazioarekin.

Amnesia maitatuaren garatzaileek beldurrezko abentura berria kaleratuko dute, gainera: Still Wakes the Deep itxurosoa. Super Monkey Ball mitikoaren atal berria ikusiko dugu baita, Destiny 2ren azken The Final Shape DLCarekin batera.

 

Destiny 2: The Final Shape

  • Argitaratze data: 2024-06-04
  • Garatzailea: Bungie
  • Generoa: Akzioa, tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Destiny 2ren zortzigarren eta azken espantsio handia dugu The Final Shape, baina lasai, Bungiek ez du bere tiro jokoa laster bukatutzat emango-eta. Echoes izeneko lehen atalarekin hasiko dira, baina Revenant eta Heresy atalak ikusiko ditugu 2025era arte.

Ohi bezala, istorio berria —pertsonaia ezagunen itzulerarekin—, guneak, armak, armadurak eta askoz gehiago bilduko dituzte azken eduki gehigarrian. The Witness etsai nagusiaren atzetik abiatuko gara guztiari bukaera eman nahian.

 

Shin Megami Tensei V: Vengeance

  • Argitaratze data: 2024-06-14
  • Garatzailea: Atlus / Sega
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Shin Megami Tenseiren bosgarren atalaren behin betiko bertsioa Vengeance eduki gehigarri erraldoiarekin dator. Atlusek bere JRPGetan kanpaina berria edo bestelakoak gehitzen ditu, eta horixe bera ikusiko dugu.

Hartutako erabakiekin Canon of Vengeance istorioari ekingo diogu, jatorrizko jokoan azaldu gabeko pertsonaiak eta munstroak ezagutuz. Hori alboratuta, SMT V lehen aldiz ikusiko dugu PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan; ezagutzen ez dutenentzat, zailtasun handiko txandakako borrokak proposatuko dizkigu.

 

Monster Hunter Stories

  • Argitaratze data: 2024-06-14
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: JRPG, abentura
  • Plataformak: PC, PS4, Switch

2016an Nintendo 3DS eramangarrian kaleratu zen MH Stories, eta birmasterizazio berezia prestatu dute Capcomekoek gaur egungo plataformetarako. Frankiziako ohiko mekanikak pixkat alboratzen ditu txandakako JRPG abentura ederrari ekiteko.

Pokémon estilora, munstroak akabatu beharrean, hauen lagun egingo gara borroketan parte hartzeko. Adiskideen abileziak eta estatistikak hobe ditzakegu, gure harremanak sendotuz. Bere garaian kritika onak jaso ondoren, bertsio berriak nola funtzionatzen duen ikusi beharko dugu.

Monster Hunter Stories 2: Wings of Ruin jarraipena, gainera, PlayStation 4an ere estreinatuko da ekainaren 14an baita; PCko eta Switcheko bertsioak 2021ean merkaturatu zituzten.

 

Still Wakes the Deep

  • Argitaratze data: 2024-06-18
  • Garatzailea: The Chinese Room
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Beldurraren generora itzuliko dira Amnesia sagaren arduradunak Still Wakes the Deepekin. Oraingoan Eskoziako itsasoetara bidaiatuko dugu: 1975. urteko petrolio plataforma esploratu beharko dugu… eta noski, espero baino gauza okerragoak aurkituko ditugu.

Lehen pertsonan ariko gara, atal grafiko benetan ikusgarriarekin. Armarik edo botererik gabe, isilpean eta ezkutuan ibili beharko gara, ihesean…

 

Elden Ring Shadow of the Erdtree

  • Argitaratze data: 2024-06-21
  • Garatzailea: FromSoftware / Bandai Namco
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Bi urteren ondoren, azkenik jasoko dugu Elden Ring maisulanaren espantsio erraldoia. Shadow of the Erdtree ikaragarria izango dela dirudi: mundu zabal berria gehituta, bere etsaiekin, misioekin, buruzagiekin, armekin eta mekanika berriekin.

Hau da: Elden Ring 1.5 bertsioaren aurrean gaudela esan dezakegu. Miyazaki maisuaz fidatzen gara, eta sekulako gogoak ditugu beste behin argigabekoaren rola betetzeko.

 

Super Monkey Ball: Banana Rumble

  • Argitaratze data: 2024-06-25
  • Garatzailea: Sega
  • Generoa: Plataformak, festa jokoa
  • Plataformak: Switch

Super Monkey Ball saga maitatuak berregiteak baino ez ditu jaso azkenaldian, baina Banana Rumble atal guztiz berria izango da. Oinarriak berdin jarraituko du, hori bai: esfera barruan sartuta dabiltzan tximinoak gidatuko ditugu maila eroetan barrena.

200 bat maila agintzen dituzte egileek, eta lau jokalarik batera jokatzeko aukera. Eromena eta dibertsioa nagusi izango dira, hortaz.

 

Luigi’s Mansion 2 HD

  • Argitaratze data: 2024-06-27
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: Switch

Ekainarekin bukatzeko iturginik ezagunaren… anaia itzuliko da. 3DS kontsolan estreinatutako bigarren Luigi’s Mansion eraberritu du Nintendok Switch kontsolarako, beraz badakigu zer aurkituko dugun: mamuak eta gainditu beharreko misioak.

Izenak adierazten duen modura, bereizmen handiko grafikoak ikusiko ditugu bertsio berrian, nahiz eta 3D efektuak galdu.