Ehundaka demo, elkarrizketa eta ekimen bilduko dituzte Valve-n saltoki digitalean.

Valvekoen azken urteetako apusturik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe, Steam Next Fest ekitaldia. Saltoki digital ezagunaren baitan egiten den jaialdi honetako erabateko protagonistak demoak dira: AAA zein indie bideojokoen probak biltzen dituzte bertan, baina askoz gehiago eskaintzen dute Gabe Newell-en taldekoek. Hurrengo Next Festaren data baieztatu dute: ekainaren 13an abiaraziko dute.

Udako ekimenak astebeteko iraupena edukiko du: ekainaren 20an bukatuko dute jaialdia. “Etortzeko dauden bideojokoen hainbat egunetako ospakizuna” deritzote arduradunek; ez da harritzekoa, gero eta zale gehiago erakartzea lortzen baitu. Hori horrela, garapen prozesu aurreratua duten baina oraindik argitaratu gabe dauden tituluak batzen dituzte bertan.

Lehenengo ekitaldietan obra gutxi batzuk izaten ziren, baina azken saioetan ehundaka demo hurreratu dira Valven saltokira; horixe bera eskainiko dute berriz, “zazpi egunetan ehundaka demo” egongo direla aurreratu baitute. Oraingoan, gainera, E3 azokaren ostean egingo dela gogoratu beharra dago: ziurrenik Los Angeles-eko azokan aurkeztuko diren hainbat titulu ikusiko ditugu Steamen probatzeko.

Demoekin batera garatzaileei egindako elkarrizketak, mahai inguruak eta zuzeneko bereziak eskainiko dituzte Next Festean.

Game Erauntsiaren aldetik bertan ezagututakoen jarraipena egingo dugu, ohi bezala. Joan den urteko udazkenean demorik interesgarrienak zerrendatu genituen blogean; pasa den hilabeteko ekimenean, ordea, Naiz Irratiko gure irratsaioan aritu ginen Steam Next Festeko altxorrei buruz mintzatzen.