Tiro jokoen atal berria urte bukaeran argitaratzeko asmoa dute. “Eskala epikoa” eratu nahi dutela diote Criterion eta DICEko garatzaileek.

Iragarpen handirako prest egoteko agindu zuten Electronic Artsekoek orain aste batzuk, eta nola ez, ekaina izango da Battlefield berria iragarriko duten hilabetea. Zehazki datorren asteazkenean erakutsiko dute lehen aldiz belaunaldi berriko tiro jokoa.

Iragarpena sare sozialetatik egin dute xehetasun gutxi emanda. Proiektuaren logoa ikus daiteke bertan aurkezpena egingo duten egunarekin batera; jokoaren izen osoa baieztatu gabe jarraitzen dute. Orain gutxi adierazi zutenez Criterion eta DICE estudioak ari dira proiektu berrian lanean, eta orain arteko Battlefieldik handiena eratu nahi dute.

Zaleek “Battlefieldengan maite duten guztia” batuko duela diote garatzaileek, eta “eskala epikoa” azalduko da bertan. Plataformei dagokienez belaunaldi berrirako esklusiboa izango dela dirudi: ziurrenik PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan soilik jokatu ahalko dute jarraitzaileek.

Guzti hau, baina ekainaren 9an zehaztuko dute EAkoek: 16:00etan jarraitu ahalko da EAren sare sozialetatik.