Ostiralean kaleratuko da From Software-n fantasiazko eta akziozko obra berria PC, PlayStation eta Xbox plataformetan.

Itxaronaldi luzea jasan behar izan dugu, baina ia hemen da azkenik. From Softwareko Hidetaka Miyazaki zuzendariak eta bere taldeak bukatu dute beren hurrengo lana: Elden Ring estreinatzeko lau egun eskas falta dira. Estreinaldirako motorrak berotzen hasi dira jada; jendea ere berotzeko asmoarekin zabaldu dute argitalpen trailerra.

Eldengo Zirkulua bilatzeari ekin beharko zaio hau suntsitu edo hautsi ondoren. Zatituta egon arren Lausotutakoei deituko die, Elden Jaun bilakatzeko helburuarekin. Bitarteko Lurrak esploratu beharko dira xede hau lortzeko; dozenaka etsairen aurka egin eta arrisku biziak gainditzeko unea da.

Dark Souls sagaren oinordekoaren aurrean gaude: Elden Ringek From Softwaren saga bikaineko mekanikak hartu eta beste maila batera eramango ditu, oraingoan mundu irekia eskainita. Katakonbak, basoak, gotorlekuak eta askoz gehiago bisitatu beharko dira, armak eta jantziak eskuratuta arriskuei aurre egin ahal izateko.

Argitalpen handirako datak eta orduak eskaini dituzte Bandai Namco-ko banaitzaileek: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetako jokalariek otsailaren 25eko 00:00etan hasi ahalko dute bideojokoa. Hori bai, aurrekargak orduak ere zehaztu dituzte; hemen doaz:

  • PC: otsailaren 23an 00:00etatik aurrera.
  • PS5/PS4: otsailaren 23an 00:00etatik aurrera.
  • Xbox Series/One: aurrekarga hasita dago.

Argitalpen trailerraz gain oinarrizko mekanikei eta istorioari buruzko xehetasun guztiak eskaintzen bideo sakona prestatu dute arduradunek:

Elden Ring otsailaren 25ean merkaturatuko da PCan nahiz PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan.