Mourne gazteluaren inguruak erakutsi dituzte From Software-ko arduradunek. Otsailaren 25ean estreinatuko da Dark Souls-en oinordekoa.

Aste gutxi batzuk falta dira Elden Ring desiratua kaleratzeko; hori horrela, Bandai Namco eta From Software beren bideo-jokoaren xehetasun berriak aurkezten dabiltza. Azkena, orain arte gutxitan nabarmendutako isilpea izan da: akziozko abenturaren mekaniketako bat izango da.

Gameplay trailer batekin ezagutzera eman dituzte isilpean ibiltzeak ekar ditzakeen onurak. Etsaiak saihestea izango da, nola ez, ezkutuan aritzearen sari nagusia; hala ere, arerioek elkarren artean borrokak has ditzaketela ageri da bideoan. Hauei trabarik ez jarteko isilpean ondotik pasatzea izango da aproposena. From Softwaren jarraitzaileek ondo dakite zailtasun latza dela estudio japoniarraren ikurretako bat, hortaz hobe borrokak ekiditea ahal den neurrian.

Mekanikarekin batera Mourne gaztelua erakutsi dute bideoan. Ikaragarrizko gotorleku hau Elden Ringen mundu irekiko kokalekuetako bat izango da; bertan From Softwarekoen ohiko elementuak ikusiko ditugu: tentsioa nagusi izango da gazteluko korridore estuak zein patioak igarotzerakoan, eta askotariko etsaiak aurkituko dituzte bertan abenturazaleek. Etsai nagusi tankera hartuko duen munstroren bat edo beste ikus daiteke zabaldutako edukian.

Elden Ring otsailaren 25ean merkaturatuko dute japoniarrek. Plataforma sorta zabalean jokatu ahalko da: PC-ko bertsioarekin batera PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko da.