FromSoftware-n bideojoko arrakastatsurako doako eguneraketa bihar estreinatuko da PC-an zein kontsoletan.

Elden Ringen jokatu baldin baduzu, ziurrenik koliseo erraldoietako batekin topo egingo zenuen. Sartzea lortu gabe, tamalez. Orain, horietako ateak irekiko dituzte Bandai Namco-koek: multijokalari borroketan parte hartzeko kokalekuak izango dira.

Bihartik aurrera Limgrave, Leyndell eta Caelid guneetako koliseoetan sartu ahalko gara. Hori ahalbidetzeko doako eguneraketa argitaratuko dutela jakitera eman dute FromSoftware estudio japoniarreko garatzaileek.

Dark Souls sagan ohikoa den bezala, PvP borrokak antolatzea izango da koliseoen helburu nagusia. Bakarka zein taldeka beste argigabeen aurka —hau da, beste jokalarien aurka— ariko gara sare bidez. Modu horretara, gure pertsonaiaren ekipamendua eta abileziak balioan jarriko ditugu: ezpatekin, mailu erraldoiekin edo aztikeriekin ibiliko ote zara?

Inbokazioak ere posible izango dira, gainera. Horrela, lortu ditugun errautsen bidez zenbait izakiri deitu ahalko diegu laguntza eske. Arduradunek PvP modalitate desberdinak aipatu dituzte aurkezpen bideoan; beraz, mota desberdinetako borrokak antolatu dituztela suposa daiteke.

Esan bezala, bihar bertan argitaratuko da eduki gehigarria, dohainik. Elden Ring kaleratu den plataforma guztietara iritsiko da: PC-an zein PlayStation eta Xbox kontsoletan bisitatu ahalko ditugu koliseook.

17,5 milioi ale baino gehiago salduta, zalantzarik gabe 2022ko bideojokorik arrakastatsuenetakoa da FromSoftwarena. Guretzat, behintzat, urteko titulurik bikainenetakoa da: hauxe esan genuen maiatzean argitaratutako analisian:

Gainerako estudioek eta garatzaileek datozen urte luzeetan mirestuko eta kopiatuko duten obra da hau, industriaren gailurrera iristea lortu baitu. Ospatzekoa da, benetan, halako bideojoko baten etorrera bizitzea.