From Software-n bideo-jokoaren jostagarritasuna ordu laurden inguruko trailer ikusgarriarekin aurkeztu dute. Otsailaren 25ean kaleratuko dute PC-an eta kontsoletan.

Geroratzeekin ibili arren, ilusio eta indar betean agertu da Elden Ring bere aurkezpen berezian. From Softwarekoek Lands Between deitutako lurraldeetako mundu irekia erakutsi dute sakontasunean, bertako fantasia ilunarekin jokalariak liluraraztea lortuta.

Fantasia aipatuta, dragoi erraldoiaren aurkako borrokarekin hasi du aurkezpena Hidetaka Miyazaki zuzendariaren taldeak. Dark Souls-en oinordekoa izanik, argi dago Elden Ringek bertatik asko hartzen duela; halere, jostagarritasun bizia daukala ikus daiteke. Eraso boteretsuak, magia bortitzak eta jauziak edukiko ditu abentura berriak, guztia ohiko mekanikekin batuta.

Borroketan erasora jotzea ohikoagoa izango dela dirudi, baina. Ez da harritzekoa: mundu irekia izanik etsaien aurka aritzerakoan hainbat bide edukiko dituzte jokalariek, eta horrez gain adiskideei deitzeko aukera ere egongo da. Laguntza eskatze hauek Dark Soulsen antzeran funtzionatuko dute, baina oraingoan gune zabalagoak esploratu ahalko dira lagunekin batera; antzina gune bakarrera mugatuta egoten ziren elkarlanak, eta atal bat gainditzerakoan laguna agurtu behar izaten zen.

Mundua esploratzeko animalien gainera igo ahalko da: hauen gainean ziztu bizian bidaiatuko dute jokalariek, eta arroketatik salto egiten ibiltzeko aukera ere edukiko dute. Mapa ere erakutsi dute japoniarrek: gune zabalak ikus daitezke bertan, eta markagailuak jarri daitezke toki interesgarrietara berriz itzultzeko.

Kokaleku handiak nagusi izango badira ere, From Softwarekoen aurreko jokoak gogora ekartzen dituzten gune linealagoak ere ditu Elden Ringek. Trailerrean ziega bat esploratzen dute lehenik eta behin, baina ondoren gotorleku erraldoi batera bidaiatzen dute arduradunek. Bertan erabakiak hartzeko aukera egongo da, eta gune itxiagoak zeharkatu arren, hauetatik jauzika ere ibili ahalko da, askatasuna areagotuta horrela.

Nola ez, ez dira faltako etsaiak zein etsai nagusiak. Hauen aurkako hainbat borroka ikusgarri bildu dituzte aurkezpenean: zaldunak, lapurrak, munstroak, animalia misteriotsuak eta gehiago ikus daitezke. Nabarmentzekoa da trailerra bukatzerakoan erakutsitako borroka; bertan Godrick the Golden beldurgarria garaitu nahian agertzen da jokalaria, arrakastarik gabe.

Azken finean, aurreko lan desberdinen arteko nahasketa eta hobekuntza dirudi Elden Ringek. Gehienbat Dark Soulsen eragina nabari da, baina han-hemena Sekiro-ren bertikaltasuna eta jauziak zein beste hainbaten mekanikak ere ikus daitezke. Horrez gain, Nintendo-ren The Legend of Zelda: Breath of the Wild-eko mundu irekiaren influentzia handia igartzen da.

Guzti hau probatzeko aukera laster izango dute japoniarren jarraitzaileek. Izan ere, Elden Ringek beta itxia hasiko du azaroaren 12an; dagoeneko kontsolako jokalarientzat soilik zuzendutako izen ematea itxi dute.

Dena dela, zorterik izan ez dutenek otsailera arte itxarotea baino ez daukate: hilabete horretako 25ean kaleratuko dute abentura PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan. Hainbat edizio berezi edukiko ditu bideo-jokoak: Launch Edition deitutakoak jokoa, posterra, kartak, eranskailuak eta partxeak batuko ditu; Digital Deluxe Edition-ak arte liburu eta soinu banda digitala gehituko dizkio oinarrizko jokoari; Collector’s Edition-ean joko fisikoa (PCan izan ezik), Malenia pertsonaiaren 23 zentimetrotako figura, liburuxka berezia, arte liburua, soinu banda digitala eta aurretik aipatutako elementuak izango ditu; azkenik, Premium Collector’s Edition-ak aipatutako guztia Maleniaren tamaina errealeko kaskoarekin eskainiko ditu.