Erresuma Batuan azken urteetako jokorik salduenetakoa izatea lortu du, FIFA edo CoD frankiziak alboratuta. Japonian lehen postua lortu du.

Elden Ring desiratua pasa den astean estreinatu zen; lehen egunean jokalari kopuru harrigarria batu zuen, PC-an behintzat: 800.000 jokalari inguru batu zituen Steam-en. Hori ikusita, salmenta ikaragarriak edukitzea aurreikusten zen, eta lehenengo datuek baieztatu egin dute: marka guztiak hausten ari da From Software-n abentura berria.

Erresuma Batuko zifrek erakarri dituzte begirada guztiak. Hidetaka Miyazaki eta bere taldearen enpresak garatutako jokorik salduenean bilakatu da, salmenten lehen postua lortuta asteon. PlayStation-en izen handietako baten aurka egin behar izan duela gogoratu beharra dago: orain gutxi estreinatu zen Horizon: Forbidden West.

Hala ere, bai fisikoan, bai digitalean, sekulako salmentak eduki ditu Elden Ringek. Horrenbesterakoak izan dira, azken urteetako jokorik salduenetakoan bilakatu dela: GamesIndustry agerkariaren arabera, Red Dead Redemption 2 2018an kaleratu zenetik argitalpenik arrakastatsuena lortu duen obra da japoniarrena, FIFA edo CoD bezalako frankizia handiak alboratuta.

Cyberpunk 2077 edo Assassin’s Creed Valhalla handiek eskuratutako salmentak garaitu dituzte horrela, besteak beste. Azken Horizonekin alderatzen dituzte: 2,5 biderkatzen ditu salmentak Guerrillaren jokoaren ondoan. Are gehiago, salmenta digitalen % 68 Elden Ringenak dira Erresuma Batuan; Xbox-eko kontsoletako bertsioen % 85 digitalean saldu zen; PC-an % 73; PlayStation kontsoletan, azkenik, % 50.

Salmenta fisikoak zein digitalak bateratuta, % 32 PlayStation 5-ean saldu dira, % 30 PCan, % 29 Xbox kontsoletan eta % 9 PlayStation 4-an.

Japoniako datuak ere baditugu, PlayStation kontsoletara mugatzen diren arren: Elden Ringek 278.500 ale saldu ditu bertan; 188.490 joko PlayStation 4an, eta 90.017 PlayStation 5ean. Sekulako zifrak.

Gainerako herrialdeetako datuen faltan, betidanik nitxozko jokoak izan direnak mundu osoan hedatu direla baieztatu daiteke, zalantzarik gabe.

Salmenta bikainak lortzen dituzten bitartean, baina, From Softwarekoek jokoaren errendimendu arazoak konpontzeko lanean dabiltza. Erabiltzaileek hainbat akats salatu dituzte estreinalditik, eta dagoeneko hainbat adabaki argitaratu dituzte garatzaileek hauek zuzentzeko.

Elden Ring PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan eskura daiteke.