Elden Ring, oooh Elden Ring. FromSoftware talde japoniarrak 2022an kaleratutako bideojokoa ezusteko zoragarria izan zen. Bai, ados, Hidetaka Miyazaki jenio hutsa da, baina Demon’s Souls, Dark Souls eta Bloodborne jokoekin hasitakoa beste maila batera eramatea lortu zuen fantasia iluneko mundu irekiko abenturarekin.

Marka guztiak haustea lortuta, gainera: 2024ko ekainean 25 milioi salmentak gainditu dituela ezagutzera eman zuten Bandai Namco argitaletxekoek —Dark Souls trilogia 35 milioietara iristen da—. Shadow of the Erdtree espantsio desiratua estreinatu aurretik lortutako marka: badakigu DLCarekin batera milaka jokalari erakarri dituela berriro.

Ikaragarri desiratua, bai. 2023ko otsailean, jatorrizko jokoa kaleratu eta urtebetera, iragarritako eduki gehigarriaren zain egon dira milioika zale beste hamalau hilabetez. Bitartean, Fromekoak xume, baina harro: espantsioari eskainitako elkarrizketa eta bideo bakoitzean eduki handiaren aurrean geundela adierazten zuten, baina publizitatea epelduz.

Jokatzeko unea heltzerakoan, gogoak, hype hori, izugarri puztuta zebilen… eta, halere, itzalaren lurraldeek zur eta lur utzi naute. Tira, badakizue: handikeriekin nabil, baina aurreikusten nuena betetzea lortu dute Miyazakik eta bere taldeak. Joko berri oso batentzat aurreikusten nuena, dena esan beharra dago, ez espantsio 'xumearentzat'.

Shadow of the Erdtree ez da Elden Ringen jarraipena, baina 1.5 atala dela esan dezakegu, esparru guztietan: mapa, arerio, ekipamendu, magia eta mekanika berriak gehitzera dator, gune interesgarriak zein ezaugarri bitxiak inplementatuz.

 

Argia berriz galduta

Lurralde berrian barneratu bezain laster nabariko dugun ezaugarri berria ikusezina da, edo, hobe esanda, ez digute hasieran azaltzen. Espantsioko lurretan sartzeko bidea originalaren amaiera aldera aurkitzen da; hortaz, gure pertsonaiak maila altua edukiko du —modu “arruntean” jokatu badugu, behintzat—: bota 100 edo 140 mailen artean kokatuko dela, gutxienez.

Nire kasua “berezia” dela nabarmendu nahi dut —ez horrenbeste, ziur zuotako askori gauza bera gertatu zaizuela-eta—: Elden Ringen ia egin beharreko guztiak egin ondoren, partida berria + hasi nuen… hasi eta jarraian uzteko. Espantsioan sartzeko beste 30-40 bat ordu eman beharko nituela ikusita, tranpa egin dut: Nexusmods-eko erabiltzaile batek partekatutako partida hartu. Nire pertsonaia originalaren kopia sortu nuen ondoren, Renalla sorginarengana jota, baina nire berezko maila baino altuxeagoa zeukan pertsonaia berriak.

Itzalen lurretako lehen etsaia aurkitzen dugunean, ordea… egurtu egingo gaitu. Jasoko dugun kolpe bakoitzak sekulako indarra dauka, bi edo hiru kolpek heriotza eragiteraino. Nola gerta daiteke, oinarrizko jokoko armadura boteretsuenekin eta armarik hilgarrienekin banabil? Jokoari buruzko eztabaidak jarraitu badituzue, jendea zailtasun latzaz kexatu dela irakurriko edo entzungo zenuten… ez da harritzekoa, lehen pausoak oso gogorrak baitira. Aurkitu nuen lehen buruzagi txikiaren aurka gorriak ikusi nituen.

Asko ibili gabe, horren zergatia ezagutuko dugu. DLCan bisitatuko dugun munduan gure indarrak ez du askotarako balio; horren ordez, itzalen lurra menperatzen duen zuhaitz itzaltsuaren puskak beharko ditugu. Hauek grazia guneetan erabilita, gure pertsonaiaren gaitasunak nabarmen hobetuko ditugu; alegia, gure erasoak indartsuagoak izango dira, eta, defentsak, eraginkorragoak. Gauza bera gertatzen da Torrent zaldiaren edo inbokatutako errautsekin: ohoratutako espirituen errautsak bilduta hauen indarra areagotuko dugu.

Shadow of the Erdtree ez da Elden Ringen jarraipena, baina 1.5 atala dela esan dezakegu.

Zerotik hasiko gara, zentzu batean, pertsonaia mailaz igotzeko bide berria proposatuz, baina gure abileziak eta ekipamendua mantenduz. Mapatik sakabanatutako baliabide garrantzitsu hauen bila jotzea da onena abenturari serio ekin aurretik, etsairik ahulenen kontra ausart aritzeko, bederen.

Zuhaitz puskak zein ohoratutako errautsak aurkitzeko tokiak nahiko argi identifikatuta egongo dira, baina baliabideok mapatik sakabanatuta eta galduta daude. Dena den, ez da beharrezkoa guztiak biltzea, eta kopuru batetik aurrera nahiko eroso ariko gara borrokan. Bitarteko lurretara itzultzen bagara, hauen efektuak ez digu ezertarako balioko.

Ez dakit mailaz igotzeko sistema berriaren alde nagoen, egia esan. Zailtasuna artifizialki puzten duela pentsa daiteke, eta mapatik bueltaka ibilita sasoi betean egotera buelta gaitezkeela… Tira, gauza bera esan daiteke RPGetan esperientzia puntuak lortzeko misio sinpleak gainditzeari buruz, zer egingo diogu.

Pusketa gutxi batzuk esku artean ditugun une horretatik aurrera soulslike jokoen ohiko zailtasun mailaren aurrean egongo gara. Bai, heriotza beti dago hor, zelatan, baina Elden Ring osorik gaindituta badaukagu, Shadow of the Erdtreen ez dugu erronka askoz zailagoa aurkituko... buruzagi eta etsai ero pare bat kenduta —ene bada bukaerako azken saialdiak—.

Kexa bat daukat, hori bai: Miyazakik askotan errepikatu du inbokazioak edo espirituen errautsak erabiltzea ez dela lotsatzeko arrazoia, horretarako daudela. Guztiz ados nago. DLCan hauek erabiltzeko oztopoak jarri dizkigula aldarrikatu beharra dago; izan ere, etsai nagusi askok gure gainera jauzi egingo dute borroka hasi bezain laster, laguntza eskatzea zailduta.

 

Gainditu beharreko erronkak

Alde horretatik, joko originaleko zenbait arerio errepikatuta ikusiko ditugun arren, izaki, zaldun eta munstro gehienak berriak direla esan beharra dago. Itzalen lurra Bitarteko lurrengandik zeharo banatuta dago, eta hori argi islatuta geratzen da. DLC erraldoiaren aurrean gaudela berriz errepikatzearren, gainditu beharreko aurkari kopurua ikaragarria da: gune guztietan pizti ezezagunen aurka jarriko gaituzte, esploratzeko —eta beldurtuta aritzeko— freskotasun hori mantenduta.

Munstro eroak aipatu ditut. Ezusteko ederrak hartuko ditugu Shadow of the Erdtreen, areriorik arruntenak harritzeko gaitasuna baitauka. Spoiler handiegirik eman gabe, originaleko pote erraldoiak dira, zalantzarik gabe, eduki gehigarriko izarretako batzuk. Buruzagien aldetik ere zur eta lur utzi nauten dueluak egon dira. Ez dut uste Miyazakiren etsai nagusi onenak direnik, baina oso maila altua erakusten dute, oro har: gehienak gogoangarriak dira, eta horretan laguntzen dute euren soinu banda ikaragarriek. Lan zoragarria egin dute beste behin musika aldetik, hamarrekoa.

Borroka bitxiak ere gehitu dituzte oraingoan, batez ere bigarren mailako ziegen bukaeretan: ohiko arerio indartsuen bikoteak daude, baina baita bestelako erronka berezitxoagoak ere, nahiz eta ez duten mami handirik, eskertzekoak dira.

 

Erretako erresuma

Zeharkatzeko mapa berria, beste behin, kolosala da baita. Hasieran ez dirudi horren handia, nahiko konpaktua baita, baina abenturari ekin eta gutxira DLC osoan buruan bueltaka edukiko dugun galdera sortuko zaigu: “Nola demontre iritsi behar naiz horra behera?”. Itzalen erresumak bertikaltasunarekin jokatzeko ohitura dauka. Elden Ringen ere antzekoa gertatzen zen, baina hemen kutsu desberdina dauka esplorazio aldetik: ia hasieratik behealdean geratzen diren guneak ikusiko ditugu, baina ibilaldi luzeak eman beharko ditugu hautazko eremu horietara jaitsi ahal izateko, eta batzuetan espero gabeko tokietan aurkituko dugu bidea.

Paisaia ederrez gozatzeko hasiko zara esploratzen, baina sekretuek eta keinutxoek harrapatuko zaituzte. Esplorazioa saritzen dakite Fromekoek: aurkitzeke dauden objektu asko eta asko bigarren mailakoak diren arren —errezeta gutxi batzuk emango dizkiguten liburuak daude nonahi, adibidez—, ustekabeko galantak daude sakabanatuta espantsioko eremuetan.

Arma mota erabat berriak aurkituko ditugu, hasteko: ezpata handi arinak nire gustukoenak izan dira —oso dotoreak, itzelak dira—, baina arma bikoitz erabilgarriak eta bestelako kontutxoak ditugu. Bai armategi arrunta, bai etsai nagusietatik lortutakoa, zoragarria izan daiteke, eta eskaintzen dizkiguten mugimendu berriak probatzen ibiliko gara.

Bai, heriotza beti dago hor, zelatan, baina Elden Ring osorik gaindituta badaukagu, Shadow of the Erdtreen ez dugu erronka askoz zailagoa aurkituko

Okerrena, gustatzen zaigun zerbait hobetzen hastea izango da… Prozesu hori ez da aldatu joko originaletik, eta berriz itzuliko gara mahai biribileko gotorlekura, arotzarekin zein dendariekin aurrera eta atzera ibiltzeko… azkenean osorik hobetu dugun arma hori pare bat aldiz erabiltzeko eta alboratzeko, zer esango dizuet. Nire kasuan sortu nuen pertsonaiarekin eroso ibili naiz, beraz ez dut pertsonaia mota edo build zeharo berria sortzeko premiarik eduki.

 

Askatasuna linealtasunaren eremuan

Jarraitu beharreko bidea guztiz askea da. Jokalariak gidatzeko mapetako grazia ikurrak erabili dituzte berriro, baina are gehiago bideratzeko laguntza jasoko dugu Miquella jainkoaren gurutzeen bidez. Zailtasun maila egokia mantentzeko egokiena da, baina ziurrenik ordu batzuetara galduta eta gogoak ematen digun bideetatik sartuta ariko gara, horixe baita garatzaileek gura dutena.

Mundu irekiarekin batera ziegetan barneratuko gara, bai nagusietan, bai bigarren mailakoetan. Gune itxi eta erdi ireki hauetako zenbaitek ikaragarrizko maila erakusten dute: hasieratik bisitatuko dugun Belurat hiriaren kaleetan, plazetan teilatuetan eta estolderietan galtzerakoa etxean sentitzea bezalakoa da Fromen jokoen zaleentzat. Izar nagusia, baina, itzalen gotorlekua da: bide anitzak eta sekretuak aurkitzen egongo gara ordu luzez.

Dena dela, egia da Dark Soulsen bide lineal bezain labirintikoen hutsunea igartzen dela. Horren zertzelada batzuk geratzen ziren Elden Ringen, baina Shadow of the Erdtreen are gehiago desagertu dira. Gune berri batera iristea eta bertan harrapatuta geratzea, azkenik su berri batera heltzea lortzeko eta lasterbideak desblokeatzeko, mapa lotuz… sentipen hori ia galduta geratzen da, eta leku gehienetatik ziztu bizian igaroko gara, Torrent zelaberearekin edo hau gabe.

Bigarren mailako ziegen kasuan, girotze aldetik berritasunak ikusiko ditugu, baina jatorrizko laneko labirintoak ere itzuliko dira. DLCan erokeria gehiago gaineratzeko askatasuna eduki dutela nabari da, erronka interesgarriak proposatuz.

Zorakeria horien artean aurkitzen dira, baita, ekipamendurako ezustekoak. Abantaila nahiko arruntak eskainiko dizkiguten talismanekin batera, jokoa zeharo apurtzen duten bestelako laguntza erabilgarriak ere ikusiko ditugu. Ohikoa izaten da Fromen espantsioetan objektu bitxiak ikustea, baina Shadow of the Erdtree txapela irabazi du alor honetan.

Ezin daiteke gauza bera esan errendimenduaren inguruan. Elden Ring ez da jokorik optimizatuena, baina Shadow of the Erdtreen geldotzeak askoz nabarmenagoak dira. Etsai nagusi batzuen aurka egiterakoan pantaila efektuz eta partikulez betetzerakoan biziko ditugu okerrenak: nik PCan jokatu dut, eta RTX 3060 portatil batekin ere igartzekoak izan dira geldotze hauek; are gehiago, Steam Deck-ean. Teleportatzerakoan, adibidez, testurak kargatzerako orduan geldo dabilela ikus daiteke.

Egia da Dark Soulsen bide lineal bezain labirintikoen hutsunea igartzen dela. Horren zertzelada batzuk geratzen ziren Elden Ringen, baina Shadow of the Erdtreen are gehiago desagertu dira.

Gidoiak Miyazakiren betiko martxa jarraitzen du, nola ez. Erantzunak baino, galderak dira nagusi espantsio honetan, eta zerbait argitu nahi badugu objektuen deskribapenak irakurtzen hasi beharko gara; halere, Elden Ringen unibertsoan murgildu direnek ederki gozatuko dute agertzen diren xehetasunekin —eta komunitatea oraindik eztabaida bizian dabil istorioaren inguruan, noski!—.

Bideojokoen istorioako espantsiorik onena eta handiena sortu dut FromSoftwarek? Ezin baieztatu, baina egindako lana maisulan hutsa dela esan dezaket. Elden Ring, Dark Souls eta Demon’s Souls zaleek ikaragarri gozatuko duten eduki gehigarria da Shadow of the Erdtree, eduki berriz gainezka egiten duen ia bideojoko osoa izatera iristeraino. Zailtasunak ez zaitzala atzera bota: mundu beldurgarria bezain zoragarria da itzalen lurretan aurkituko duguna.