Hidetaka Miyazaki-k gidatutako FromSoftware estudioak hiru minutuko aurkezpena agindu du.

Elden Ringek eduki gehigarria ezagutzera emango du azkenik. Iragarri eta urtebetera, FromSoftware talde japoniarrak lehen jokagarritasun bideoari eguna eta ordua jarri dizkio: Shadow of the Erdtree gaur ikusteko aukera izango dugu lehen aldiz.

16:00etan jarri digute hitzordua Bandai Namco-ren YouTube katean —bai, Nintendo Direct Partner Showcase-arekin batera hasiko dute—. Ez dute astirik galduko, ordea: hiru minutuko aurkezpen motza izango dela aurreratu dute.

Hortaz, trailerra baino ez dute ekarriko, edo hori suposatu nahi dugu. Nahikoa izango da, dena den, hainbat hilabetez garatzen dabiltzan espantsioa ezagutzeko. Iragarri zutenean irudi bakarra erakutsi zuten: DLCari izena jartzen dion Erdtree zuhaitz erraldoia agertzen zen bertan, ustelduta. Obra originalean lagundu zigun Torrent piztia ikus dezakegu berarengana joaten, gainean pertsona bat daramala.

Miquella edo Marika jainkoak izango ote? Hidetaka Miyazakiren jokoetan gertatu ohi den modura, Elden Ringek dozenaka istorio kontatu zizkigun unibertso erraldoia osatzeko, baina zalantzak eta misterioak barra-barra daude oraindik: bi pertsonaia hauei lotutakoak dira, ziurrenik, garrantzitsuenak.

Misterio esanguratsua da baita argitaratze datarena: FromSoftwaren jabe den Kadokawa enpresak azken finantza txostenean espantsioarentzako egunik gabe dabiltzala adierazi zuten. Ikusteko dago, beraz, gaur ezagutuko dugun, edo beste baterako utziko duten.

Elden Ring: Shadow of the Erdtreek 16:00etan erakutsiko du lehen bideoa.