Lehen trailerra argitaratu du FromSoftware-k, espantsio erraldoia erakutsiz.

Urtebete baino gehiago itxaron behar izan dugu ikusteko, baina hemen da azkenik. FromSoftware eta Bandai Namco japoniarrek Elden Ring: Shadow of the Erdtree desiratuaren lehen trailerra erakutsi dute. Hori baino garrantzitsuagoa da, baina, dataren iragarpena: ekainaren 21ean hasiko gara DLCarekin.

Hiru minutuko bideoa Elden Ringen edozein zale zur eta lur uztekoa da. Itzalaren lurraldera joko dugu, deskribapenaren arabera: Erdtree zuhaitzaren gerizpean dagoen tokira, alegia.

Borrokak izango dira nagusi bertan, baita Miquella jainkosa ere. Bere bila joango garela dirudi oraingoan, eta “mundu zeharo berrian” aurkituko dugu.

Ohi bezala, Fromen espantsioak oinarrizko jokoa zeharo handituko du: gune berri erraldoiak, armak, armadurak eta magiak zein, nola ez, etsaiak nahiz buruzagiak gehituko dizkio dagoeneko mugagabea zen Elden Ringi.

Jatorrizko jokoa eskura dezakegun plataforma guztietan estreinatuko da Shadow of the Erdtree ekainean; hau da, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC gailuetan jarraituko dugu argia bilatzen.