Dark Soulsen oinordekoaren lehen gameplay trailerra aurkeztu dute azkenean Summer Game Fest ekimenaren baitan.
Bi urte behar izan ditu, baina From Software japoniarraren zaleek azkenean ikusi ahal izan dute Elden Ring martxan. Hidetaka Miyazaki zuzendaria George R.R. Martin idazlearekin batera prestatzen ari den akziozko jokoaren argitaratze data ere baieztatu dute: urtarrilaren 21erako prest edukiko dute.
Iragarpena Summer Game Fest ekimenaren aurkezpenean egin zuten atzo iluntzean. Mundu irekiko Dark Souls dela esan daiteke Elden Ring. Antzeko estetika eta fantasia iluneko elementuak partekatzen dituzte bi frankiziek, baina From Softwaren hurrengo jokoak istorio guztiz berria izango du Martinen eskutik. Trailerrak girotze berri horren lehen zertzeladak emateko balio izan du, gehiegi sakondu gabe.
Zaldunak, munstro beldurgarriak, gotorleku erraldoiak, magia boteretsuak eta nola ez, etsai nagusi garaitezinak ikusiko dituzte jokalariek abentura honetan. Mundu zabala edukita, bertatik bidaiatzeko zaldiak eta bestelako animaliak erabili beharko dira; horien gainean ere borrokak biziko dituzte jokalariek. Ohiko borrokak Dark Soulsen kutsu handia daukatela ikus daiteke jostagarritasun bideoan.
Bandai Namcok argitaratze data ez ezik, plataformak ere baieztatu ditu: PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko du From Softwaren lana, baita PCan ere.
Iruzkinak