Mass Effect berria desagerrarazi dute bidean. The Sims frankiziako bideojokoetako bat ere alboratu dute.
Electronic Arts enpresak 400 bat langile kanporatuko ditu. Bloomberg agerkariak aurreratutako datuak egiazkotzat jo dira azkar batean, Biowaren arduradunek estudioa itxiko dela aditzera emanda sare sozialetan zabaldutako mezuan.
Urte hasieran iragarritako ohiko berregituraketen eta aurrezte mugimenduen ondorio zuzena da. Biowaretik 50 bat langile desagertuko dira; gainerakoak, EAren beste taldeetakoak eta zerbitzuetakoak dira. Guztira, EAren lantaldeko % 3 kaleratuko dela aurreikusten da.
EAtik langileei bidalitako barne mezua argitaratu dute Bloombergetik. “Azken hilabeteotan, gure negozioari begirada gogorra” eman diogu”, diote bertan exekutiboek eta nagusiek: “Gure portfolioan zehar, jokalariei eta epe luzerako hazkundeari begirako erabakiak hartu ditugu talentua eta inbertsioak bideratzeko”.
Bioware desagertuta, gauza bera gertatu da duela bost urte iragarritako Mass Effect berriarekin. Ez dugu espazio girotzedun proiektuaren ezer ikusi aurkeztu zenetik; are gehiago, oraintxe argitaratutako informazioaren arabera, oraindik aurreprodukzioan sartu gabe zegoen proiektua. 2017an argitaratutako Mass Effect: Andromeda izan da sagaren azken atala, emaitza kaskarrak lortuta.
Dragon Age: The Veilguard da, bestalde, Bioware estudioaren azken jokoa. Duela bi urte estreinatu zen, balorazio eta emaitza eskasak lortuta. Hori horrela, estudioaren desagerpena ez da harritzekoa; halere, zaleentzako kolpe gogorra izan da, milaka baitzeuden Mass Effect berriaren zain.
“Partekatutako abenturekin ia hiru hamarkada baino gehiago emanda, Bioware itxi egingo da, eta hurrengo Mass Effectaren garapena eten da”, adierazi dute taldekoek mezu publikoan. “Hitz horiek idaztea ez da batere erraza. Une honetan, joko hauei beren bihotza eskaini dieten talde trebean fokuratzen gabiltza, trantsizio prozesu honetan gure babesa emanez”.
1995. urtean eratutako estudio beteranoa da Bioware. Ibilbide luzean Baldur’s Gate, Neverwinter Nights, Star Wars: Knights of the Old Republic edo aipatutako Mass Effect eta Dragon Age saga arrakastatsuak garatu dituzte. 2007an bereganatu zuen Electronic Artsek: lehen urteak oparoak izan baziren ere, laster batean iritsi zen estudioaren gainbehera, Anthem bezalakoekin porrotetik porrotera ibilita.
Itxitako proiektuekin jarraituta, The Sims frankiziako Lotus proiektua ere alboratu dutela dio Jason Schreier kazetariak. Simsek bizirik jarraitzen dute, noski: Evergreen proiektua indartzeko hartu dute erabakia EAtik.
EAren helburua kirol jokoetan, Battlefield eta Apex Legends tiro jokoetan eta hirugarrenen produktuetan oinarritutako tituluetan ardaztea da, etorkizunera begira: Star Wars edo Marvel frankiziak nabarmentzen dituzte, besteak beste.
Abuztuan Arabia Saudiko inbertso funtsak, Affinity Partners eta Silver Lake enpresek bereganatu zuten EA, 55 mila milioi dolar ordainduta. Exekutiboen helburu nagusietako bat 700 milioi dolar aurreztea izan da, horretarako aurten berregituraketak iragarrita; izan ere, akzio guztiak erosteko prozesua 20 mila milioi dolarreko zorrarekin finantzatuta egon da.
Lander Unzueta
Iruzkinak