Formula 1, DIRT, GRID edota Project CARS bezalako jokoen markak bereganatu dituzte EAkoek.

Abenduan Electronic Artsek iragarri zuenez, Codemasters erosteko prozesuan zegoen Kaliforniako enpresa. Orain, ofizialki bereganatu duela aldarrikatu dute 1.200 milioi dolarrengatik.

EAkoek argitaratutako prentsa oharrean irakurri daitekeenez, “bideo-jokoen garapenaz eta argitalpenaz arduratzen diren bi erakunde sutsuenak, sortzaileenak eta talentu handienekoak batzeak munduko lasterketa jokoen marka handien eta arrakastatsuenen hazkundea eta arrakasta areagotzea eskainiko du”.

Izan ere, EA zein Codemasters industrian izen handia duten hainbat lasterketa jokoren garatzaileak dira. EA, esaterako, Need for Speed sagaren arduraduna da; Codemasters Formula 1, DIRT, GRID edota Project CARS marken jabea da, besteen artean.

“Elkarrekin lasterketa bideo-jokoen panorama birdefinitu dezakegu are esperientzia erakargarriagoak sortzeko nazioarteko lasterketen zaleei begira”, adierazi du Frank Sagnier Codemasterseko arduradun nagusiak.

Codemastersek EAren 430 milioi jokalariko sarearekin bat egingo duela nabarmendu dute oharrean, baita enpresak hainbat plataformetan zehar daukan EA Play harpidetza zerbitzuarekin ere. Horrez gain Codemastersen garapen eta argitaratze sailek “EAren datu eta analisi ahalmenak eta frankizien hazkundea areagotzeko beharrezkoa den jokalariei buruzko informazioa” jasoko dute. Guzti horri esker “kontsoletako, PCko eta mugikorretako jokalariengana iristeko aukera berriak eskuratzea” aurreikusten dute bi enpresek.