Ostegunean Iruñeako Katakrak liburutegian izan ginen euskarari, gazteei eta bideojokoei buruz hitz egiten.

Elhuyar Fundazioaren gonbidapenari erantzunez Iruñeako Katakrak liburutegian antolatutako 50 urte aurrerago euskaraz bizitzeko hautua mahai inguruan izan ginen atzo. Gazteok euskararekin dugun harremanari buruz gogoeta egin genuen, erronkak eta arazoak azpimarratuz.

Lau parte hartzaile izan ginen mahai inguruan eta alor desberdinetako ikuspuntuak eta esperientziak tartekatu genituen.

Amets Aranguren, Ibil Bedi musika taldeko abeslaria, musikari lotzen zaion euskal etiketaren inguruan aritu zen. Gainera, gure solaskidearekin hizkuntza hautua askotan testuinguruak zehaztu dezakeela adierazi zuen. Euskara espazio ez formaletan indartzea beharrezkoa dela uste du.

Unai Dufur Osasuna futbol taldeko jokalariak kirolari lotutako esperientzia azaldu zuen. Euskaldun gutxi dagoen kirol talde batean euskaldunak bildu eta beren artean euskaraz aritzea garrantzitsua zela azpimarratu zuen. Bestalde, Iruñeatik Eibarrera ikastera joan zenean euskaraz bizitzeko aukera izan zuela dio.

Begoña Garaikoetxea Gaztealdian parte hartu zuen irundarra da. Bere ustez, haurrek eta helduek euskaraz jarduteko espazioak eta edukiak dituzte, baina gazteei zuzendutako edukietan gabezia bat ikusten du. Gainera, Iruñean euskaraz aritzeko zailtasunak azpimarratu zituen. Egoera aldatzeko erakunde publikoen babesa beharrezkoa zela adierazi zuen.

Maitane Junguitu Game Erauntsia Elkarteko ordezkari gisa bertaratu zen. Bideojokoak euskaraz egon ez arren, euskaraz hauetan jokatu ahal dugula azaldu zuen. Aukera hori existitzen dela jakinaraztea garrantzitsua da, besteak beste, euskaldunek beren artean online joka dezaten. Gainera, korporazio handiek hizkuntza gutxituekiko erantzukizuna dutela gehitu zuen, elebidunak garen arren edozein motatako edukiak, bideojokoak barne, euskaraz kontsumitzeko eskubidea dugulako.

 

50 urte barru bideojoko gehiago euskaraz izateko itxaropenarekin

Elhuyarrek 50 urte bete ditu eta urteurren horri lotuta denbora kapsula bat prestatu du fundazioak. Elhuyarrek bere urteurrena ospatzeko prestatutako ekitaldi bakoitzean 50 urte barru irekiko den kutxa bat beteko du, gonbidatu bakoitzaren itxaropenekin eta nahiekin. Atzoko ekitaldan kutxa horretako lehenengo ekarpenak egin ziren.

Game Erauntsia Elkarteak gaur egun euskaraz joka daitezkeen bideojokoen zerrendaren kopia bat sartu zuen kutxan. Gure itxaropena 50 urte barru zerrenda hori askoz ere luzeagoa izatea da. Horretan jardungo du beti bezala Game Erauntsiak, bai bideojokoak euskaratzen, bai garatzaileak beren lanak euskaraz sortzera bultzatzen.

Imagen

Argazkiak: Elhuyar fundazioa