Emakumeen Nazioarteko Eguna zein Retro Bideojokoen Eguna ospatzeko, gogora ditzagun aspaldiko jokoetako izen handienak!
Jill Valentine, Zelda printzesa, Yuna, Selene, Ellie, Aloy, Clementine… Bideojokoetako protagonistarik onenetako asko emakumeak dira. Emakumeen Nazioarteko Egunean gure zaletasun honetan ezagutu ditugun protagonistarik interesgarrienetakoenei begira jarri gura dugu.
Bideojokoak esparru maskulinizatua dira, zalantzarik gabe. Zorionez, emakumeek geroz eta pisu nabarmenagoa daukate industrian: alor desberdinetan lan egiten duten bideojokogileen zifrak gorantza egin du, gauza bera bideojokalariekin ere —erabiltzaileen ia erdia emakumezkoak dira gaur egun— eta, gainera, askotariko obretan emakumezko protagonistak ikustea ohikoa izaten ari da, urteak pasa ahala.
Mundu hau indarra hartzen hasi zen unetik ezagutu ditugu rol nagusia jokatzen duten emakumeak. Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da, bai, baina ez hori bakarrik: munduko zenbait lekutan Retro Bideojokoen Eguna ospatzen dela ere jakin dugu… hortaz, zergatik ez ditugu biak elkartzeko aprobetxatuko? Aspaldiko emakumezko protagonistak ezagutu ditzagun!
Izen mitiko ugari aurkituko ditugu, pentsatzen hasita. Egia da gaur egun askoz gehiago daudela, bai, baina kasu bereziak ere badira tartean: adibidez, joko hasieran emakumezko edo gizonezko protagonistaren artean hautatzea proposatzen digutenak. Pokémon jokoak, Prey, Assassin’s Creed —Shadows berrian ez, Naoe ninja da protagonistetako bat!—, eta, tira, pertsonaia sortzea ahalbidetzen duen edozein RPG handi: The Elder Scrolls V, Cyberpunk 2077, Baldur’s Gate III, Genshin Impact…
Artikulu honetan horiek guztiak alboratu, eta 80eko edo 90eko hamarkadetako neskak nabarmenduko ditugu, baita retro kutsua daukaten modernoago batzuk ere. Zuk ere proposamenen bat badaukazu, bota!
Terra Branford (Final Fantasy VI)
Final Fantasy klasikoen —benetako klasikoen, behintzat— artean maitatuena da, ziur asko, seigarren atala. Hainbat pertsonaiekin jokatuko dugu abenturan zehar, baina nagusia Terra Branford gaztea dela esan dezakegu —edo, agian, Celes Chere, taldeko beste emakume bat—, jokoaren logoan azaltzen den pertsonaia baita, besteak beste, Yoshitaka Amano marrazkilari japoniarrak diseinatuta.

Iragan misteriotsuarekin, Terra burdinez, bolboraz eta lurrunezko makinez eraikitako mundu gogorrean ezagutuko dugu. Inperioko soldadu bezala hasiko du abentura horren mitikoa den robot eta elur arteko eszenarekin, baina laster batean dirudiena baino gehiago ezkutatzen duela jakingo dugu.
SNES kontsolako titulua JRPGen panorama zeharo aldatu zuen horietakoa izan zen, Square Enix taldeak garatutako Chrono Trigger bezalako maisulanekin batera. Horren arrazoi nagusietako bat istorio aparta izan zen, eta, horri lotuta, bere protagonista gogoangarriak.
FF VIn ez ezik, frankiziari lotutako denetariko spin-off tituluetan ikus dezakegu Terra: Theatrhythm Final Fantasy musika jokoan edo Dissidia Final Fantasy borroka jokoetan, esate baterako.
Claire Redfield (Resident Evil)
Jill Valentine poliziari buruz hitz egin dugu noizbait M8an, baina askorentzat are maitatuagoa da saga bereko Claire Redfield. Resident Evil 2n ezagutu genuen; alegia, beldurrezko frankiziaren joko zaharretatik onenean. 1998. urteko originala maisulan hutsa da, baina gauza bera gertatzen da 2019ko berregitearekin: hemen Clairen istorioaren hasieraz berriz gozatu ahal izan genuen.
Chris nebaren bila bidaiatzen du Raccoon City hirira Clairek. Noski, datorkiona jakin gabe: zonbien inbasioari aurre egin beharko dio, hiritik ihes egiteko bidearen bila. Kaleetatik hasiko du ibilbidea, polizia etxe ezagunera iritsita, Chrisen pausoak jarraituz… eta hortik Umbrella Corporation ilunaren sekretuak agerian jartzen hasiko da gure Claire.
RE2 da bere jokorik ezagunena, baina ez bakarra. Code: Veronica edo Revelations 2 ataletako protagonista da, baita, eta zenbait spin-off jokoetan ere ikusi dugu. Filmeetan eta telesailetan ere agertu da Claire: animaziozko RE: Degeneration-en, RE: Infinite Darkness-en edo RE: Death Island-en, adibidez, baina baita hezur haragizko aktoreen ikus-entzunezkoetan ere.
Samus Aran (Metroid)
Bai ala bai aipatu beharrekoa, retro jokoen erregina da Samus Aran espazioko gerlaria. 1986an ezagutu zuten askok lehen aldiz; hori bai, emakumea zela jakin gabe, Metroid osorik bukatu ostean ikusi baikenuen zer nolako pertsona zen.

Azkenaldian hainbat urtez desagertuta igaro dituela esan daiteke, baina gaur egun indar betean jarraitzen du Chozo estralurtar izakien azken oinordekoak.
NES kontsolako Metroiden kontrolatu genuen lehenengoz. Ospea, baina, hirugarren atal Super Metroid bikainarekin eskuratu zuela esan dezakegu. Hortik aurrera maisulanetako protagonista baino ez da izan: Metroid Prime, Fusion edo Dread apartekin jarraitu ditugu bere abentura. Power Suit jantzi boteretsuarekin espazioko piraten aurka borrokatu ohi duen arren, ohikoena bisitatzen dituen planeta desberdinetako izakiak garaitzen aritzea da Samusentzat.
Aurten aspalditik desiratzen dugun jokoarekin itzuliko da: Metroid Prime 4n lehen pertsonako abentura berriak biziko ditu.
Jade (Beyond Good & Evil)
Ubisoft-en galdutako altxor horietakoa da Beyond Good & Evil, zoritxarrez, baina Jade protagonista beti eramango dugu bihotzean. Hillys planetan bizi den neska gazte misteriotsuak haurtzaro berezia bizi izan zuen, baina jokoa hasterakoan fotokazetaritza lanetan murgilduta dabilela ikusiko dugu.
Borrokak, esplorazioa, puzzleak eta akziozko eszenak biziko ditugu Jaderekin mundu estralurtarrean, hiru dimentsioko The Legend of Zelda abenturen antzeko egitura bereganatuz. Sekulako arrakasta eduki zuen Ubisoft frantsesaren jokoak, eta iaz 20. urteurreneko edizio zaharberritua jaso zuen, Jaderen istorioa belaunaldi berriengana ekarrita.
Zoritxarrez, orain dela urteak iragarritako BGE 2 itxurosoa ikusi gabe jarraitzen dugu. 2018. urtean argitaratutako trailerrean ikusi genuen Jade azkenengoz, oraingoan zital modura: dakigunagatik, lehen jokoan jazotakoen ostean bilauan bilakatuko litzateke gure protagonista. Ea, zorte pixkatekin, bere istorioaren bukaera ezagutzerik daukagun.
Cate Archer (The Operative: No One Lives Forever)
James Bond edo Austin Powers espioiak ezagunak dira sarritan euren istorioek daukaten kutsu misoginoagatik. Hori kritikatzeko zein barre egiteko jaio zen Cate Archer 2000. urtean. Monolith Productions taldeko sortzaileak gizonezko superespioien oinarriak hartu zituzten —”Izugarri galantak, adimentsuak, jakintsuak eta burutsuak”— ideiari bira bat emateko No One Lives Forever sagarekin.
Garai hartako gizartean ezaugarri berberak partekatzen zituen emakume batek bere burua ezagutzera emateko borrokan egin beharko lukeela aldarrikatuta, horixe bera gertatzen zitzaion Archerri bere abenturetan. Hala ere, egiteko gai zena erakusteko unean UNITY taldeko kiderik eraginkorrenean bilakatu zen, ezpainetako, zigarro edo ispilu itxurako gadget-ak erabilita.
Lehen pertsonako ikuspegiarekin jokatzen diren akzio eta tiro jokoak dira NOLFenak: Half-Life edo Wolfenstein 3D antzekoak, alegia, umore dibertigarriarekin. Armekin mugitzen den guztia akabatzen ibiltzeko aukera badaukagu ere, Archerren adimena erabilita biderik eta erabakirik egokienak hartzea saritzen zuten jokoek.
Espioiaren abenturak benetan galdu direla esan dezakegu, tamalez. No One Lives Forever frankiziaren lizentzien jabetza galduta zebilen aspalditik, eta horren ondorioz ez dugu joko berririk ikusi NOLF 2: A Spy in H.A.R.M.’s Way edo Contract J.A.C.K. ataletatik; are okerrago, Monolith Productions taldea itxi zuen Warner Bros Games argitaletxeak orain egun batzuk. Zorte asko beharko dugu Archer berriz ikusteko.
Erlazionatutako edukiak:
Emakumeak bideojokogintzan: gure jokorik gogokoenak eratu dituzten sortzaileak
Emakumeak bideojokoetan: industriako izenik ezagunenak errepasatuz
Ezagutu itzazu Twitchen streameatzen duten emakume euskaldunak
Iruzkinak