Square Enix-ek 300.000 milioi dolarren truke saldu ditu mendebaldeko hiru estudioak. 1.100 langile biltzen dituzte.
Embracer Group enpresa taldeak bideojoko estudioen erosketa handia ezagutzera eman du. Orain arte Square Enixen garatzaileen artean zeuden Crystal Dynamics, Eidos Montreal eta Square Enix Montreal bereganatu dituela iragarri du.
Modu horretara Tomb Raider, Deus Ex, Thief eta beste 50 bideojoko frankizia inguru Embracerrenak izatera igaro dira. Erosketa 300.000 milioi dolarren truke burutu dela adierazi dute beren webgunean: eskudiruan ordainduko dute guztia.
Hiru estudioen lantaldeak zortzi kokalekutan banatutako 1.100 kide inguru biltzen ditu. Lars Wingefors Embracerreko buruak aipatu duenez, “pozez txoratzen gaude hiru estudio hauei ongietorria eman ahal izateagatik. IP ikaragarriak, mundu mailako sormen talentua eta azken hamarkadetan behin eta berriro erakutsitako bikaintasun maila identifikatzeko gai gara”.
Embracer Group izena horren ezaguna ez bada ere, bideojokoei zuzendutako enpresa taldea dela nabarmendu beharra dago: horien artean THQ Nordic, Koch Media/Deep Silver, Saber Interactive eta Gearbox Software aurkitzen dira, besteak beste.
Square Enixekoen arabera, salmentarekin blockchain, adimen artifiziala eta hodeia bilduko dituzten inbertsioak ahalbidetzeko aukera edukiko dute.
Aipatutako bideojokoen artean, orain gutxi iragarri zen Crystal Dynamics Tomb Raider sagako atal berrian lanean ari dela; zehazki, Unreal Engine 5 motor grafikoa erabilita sortzen dabiltza.
Iruzkinak