Nobela bisualen saga beteranoaren atal berria da. Abuztuaren 29an estreinatuko da Switch kontsolan.
Nintendokoak beldurrezko edo misteriozko bideojokoaren iragarpena aurreratzen ibili dira egunotan, eta gutxi espero zuten abentura aurkeztu dute: Emio – The Smiling Man: Famicom Detective Club prestatzen dabiltza.
Yoshio Sakamoto sortzailea izango da jokoaren zuzendaria, eta hau aurkezteko bideo berezia prestatu du. Izena ezaguna baduzue, Sakamoto Super Metroid, Metroid Fusion zen Metroid Zero Mission klasikoen arduradun nagusia izan zen, N handiaren beste frankizia mitikoetan lan egiteaz gain.
Ikerketak, misterioak eta hiltzaileak izango dira nagusi Emio – The Smiling Manen. Ikertzaile pribatu gaztearen rola jokatuko dugu nobela grafikoan; dirudienez, mitotzat jotzen zen gizon irribarretsuak ikasle bat hilko du, eta hau harrapatzeari ekin beharko diogu.
Tituluak adierazten duen bezala, Famicom Detective Club sagako atal berria izango da Emio: 25 urtetan jasotzen duen lehen abentura berria, hain zuzen ere. Ez dira oso ezagunak mendebaldean, 80ko hamarkada bukaeran NES kontsolan estreinatutako lanak Japonian geratu baiziren; hala ere, 2021ean Switcherako berregiteak jaso zituzten, eta hauek mundu osoan kaleratu ziren.
Ez dugu askorik itxaron beharko Emio – The Smiling Man: Famicom Detective Cluben jokatzeko: abuztuaren 29an merkaturatuko dute Switch kontsolarako.
Iruzkinak