En Garde! Izeneko bideojoko bitxi honek estiloz eta liraintasunez beteriko ezpata-borrokak dakarzkigu. Eskrima, jauzi trebeak, ingurune koloretsuak eta umorea baino gehiago batzen dituen abentura labur ulerterraza proposatzen du En Garde! bideojokoak.

 

Eskrima eta ezpata-dantza lirainak baino gehiago

Abiapuntua sinplea eta erdi ezaguna egingo zaio hainbat jokalariri. Johnston McCulley idazlearen “Zorro” pertsonaia ospetsuaren abenturak ekarri izan dizkit niri gogora: zehaztasunez beteriko ezpata-borrokak, norbere identitatea ezkutatzen duen pertsonaiaren bat, herri xehea txirotzen duen agintari esplotatzailea, umore ukituren bat…

Arena moduak oinarrizko istorioaz harago doan erronka eskaintzen du.

Gidoiak ez dauka aparteko konplexutasunik, eta akzioak jarrai dezan aitzakiak ateratzen doala iruditu zait —ez diot gauza negatibotzat—. Herrialde bateko konde-dukea —bai, hori da dagokion noblezia-titulua— herritarrak zukutzen dabil, baliabideak osten eta bestelako gaiztakeriak egiten. Egoera horri aurre egiteko agertuko da maneiatuko dugun pertsonaia, Adalia de Volador. Emakumea kontrolatuz, abentura entretenigarria biziko dugu, eta konde-duke gaiztoaren planak hondatuko ditugu.

Hasieratik ikusten da bideojokoak zenbait arlotan ez duela bere burua oso serio hartzen. Izan ere, sarritan bideojokoak barre egiten du pertsonaiei eta egoerei buruz. Aurrera egin ahala, pertsonaiak eta gertaerak nahastuko dira, orokorrean pailazokeriak eta umorea uztartuz. Irribarretxoren bat atera didala aitortzen dut.

Eliteko soldaduak zailtasun duindun etsaiak dira, hauen mugimenduak aurreikustea beharrezkoa da.

Jokoaren mamia ezpata borrokek bereganatzen dute, beno, teknikoki floreteak eta sableak ere gehitu beharko genituzke, eta, kasuren batean, beharbada, estokeak ere bai. Hori esanda, argi ikusten da zein ezpata-borrokaz ariko garen, liraintasuna eta zehaztasuna eskatu ohi duten horietaz, hain zuzen. Hala ere, borrokek sistema sinplea darabilte, hots, oso erraz ulertzen dira.

Aginteak erabiltzea gomendatzen du jokoak, kontrolak errazagoak ei dira horrela, garatzaileen aburuz, behintzat. Botoi bana daukagu hainbat zereginetarako: erasotzeko, kontraerasotzeko, erasoak saihesteko, jauzi egiteko, korrika egiteko, objektuak jaurtitzeko, ostikadak emateko, zirikatzeko eta beste baten baterako.

Uretara botaz gero, etsaiak jokoz kanpo geratuko dira.

Borroka-sistema sinplea eta ulerterraza dauka, ez da gehiagorik behar. Orokorrean etsaiei egurra ematen ibiliko gara, gure ezpata astinduz. Arerioek ere aurkituko dituzte erasotzeko uneak. Distira urdindun erasoak kontraerasoa eginez eten ahal izango ditugu, erantzuteko une aproposa lortuko dugu horrela. Kolore gorriko erasoei ordea, ezin izango diegu kontraerasorik egin, saihestu egin beharko ditugu.

Hori argituta, gehienetan ez dugu arazorik izango ia edozein aurkari menperatzeko, baina jokoak badaki hori nola orekatu: gugana hainbat etsai aldi berean bidaliz. Hiru etsai batera datozenean, kontraerasoa egin dakiokeen eraso bat eta beste etsai baten saihestu beharreko erasoa une berean jaso ditzakegu, orduan katramilatzen da kontua.

Ontzi apaingarri handien aurka ostikada batez bidaltzea arerioak garaitzeko modu erraz bat da.

Baina, egon lasai, Adalia de Voladorrek badauzka hainbat baliabide, eta bere ingurugiroa baliatzerakoan zeharo abila da neska hau. Borrokalekuetan aurkitzen dituen hainbat objektu ostikadaka bultzatu ditzake etsaien aurka, batzuetan arerioak eurak ere bai. Eskuetan har ditzakeen gauzak ere jaurtitzen dizkie arerioei, pitxerrak adibidez.

Erronka gero eta handiagoei egin beharko die aurre Adaliak, eta, zorionez, baliabide gehiago ere izango ditu eskura. Pitxerrak botatzen hasiko bada ere, beranduago sua daukaten jaurtigaiak aurkituko ditu. Horiekin bolbora-kutxak eta kanoiak bezalakoak leherrarazi ahalko ditu.

Frantziatik etorritako duelu-maisuak bideojokoko etsai teknikoenen artean daude, arreta eskatzen dute.

Arerio aniztasuna egon badago, horien zailtasun-mailak eta borroka-estiloak nahiko ezberdinak dira elkarren artean. Alde batetik, morroiak daude, gaitasun baxueneko etsaiak, di-da batean umilia ditzakegunak. Beste alde batetik, Frantziatik etorritako duelu-maisuak daude, hauek eraso-segida anitzak nahasten dituzte. Eta, ez hori bakarrik, akats txiki bat egiten badugu, gure kontraerasoen aurkako defentsa erabat berreskuratzen dute.

Eskegita dauden sokak erabiliz hainbat norabidetan balantzaka mugitu ahal izango gara.

Borrokak dira jokoaren erdigunea, baina mugikortasuna nahiz jauziak eskatuko dituzten atalak tartekatzen ditu En Garde! honek. Hurrengo borrokalekura heltzeko hainbeste gauza egitea eskatuko digu: teilatuetatik ibilitzea, sabaitik dindilizka dauden sokatan kulunkatzea, hormetan horizontalki ezarrita dauden burdin barrak salto egiteko erabiltzea… Orokorrean ez da zaila bidea aurkitzea eta akatsen bat egitekotan erraza da berriz hastea. Atal hauek borroken artean ongi etorriak direla deritzot.

Hormetan iltzatutako burdin barrak mugikortasunerako beste baliabide bat dira.

Abenturan aurrera egin ahala, hainbat idazki aurkituko ditugu, mahaien gainean zein hormetan itsatsita dauden ohartxo edo testu ertainak dira. Hauen bidez istorioaren gaineko informazio gehiago jasoko dugu. Aipatu bezala, gidoia ez da oso serioa, eta, beraz, testuok ez dira ezinbestekoak. Zenbat irakurri ditugun kontatuko du jokoak eta kasu batzuetan aurkitzeko zailagoak direnak daude, hauei sekretu izaera ematen die jokoak. Nik pertsonalki ez diet jaramon handirik egin, topatu ditudanak irakurri ditut, eta ez naiz besteak bilatzeaz arduratu.

Jokoaren mamia ezpata borrokek bereganatzen dute, beno, teknikoki floreteak eta sableak ere gehitu beharko genituzke.

Funtsean joko sinplea dirudien arren, hautazko konplexutasun maila gehigarria daukala ikusi dut. Arerioak garaitzeko, hauek harritzea eta zorabiatzea da giltza. Horrela, etsaien defentsa indargabetuko dugu. Oinarrizko arauak erabiliz bukatu dut jokoa, baina informazio atalean etsaiei maila txikiko harridura sortzeko hainbat bide daudela ikus daiteke: arerio baten gainetik jauzi egin edo bere ondo-ondoan lurreratzea adibidez. Maila altuagoan jokatu nahi dutenek badauzkate baliatu daitezkeen baliabide gehigarriak beraz. Bide batez, borroka ikusgarriagoak ekar ditzakeela deritzot.

Kanoiak erabiltzea ikusgarria bezain erabilgarria da.

Istorio labur eta entretenigarriaz harago

Aipagarria da, lau ordu inguru irauten duen lau kapituluko istorioaz gain, En Garde! jokoak arena modua ere badaukala. Hemen hainbat zailtasun-maila daude jokatzeko, eta berezitasunak gehitzen dizkio. Borroka hauetan gure aurkako aldagai bat ezarriko du jokoak, eta guk hiru aldagai positiboren artean bat aukeratu ahal izango dugu. Arena modu bakoitzak atal desberdinak dauzka, eta guztiak gainditu behar ditugu porrot egin gabe zailtasun maila hori gainditutzat emateko. Oinarrizko abenturaren ondoren jokoaren bizia luzatzen duen jokatzeko modu interesgarria iruditu zait.

Adalia de Voladorrek badauzka hainbat baliabide, eta bere ingurugiroa baliatzerakoan zeharo abila da neska hau.

Aukeratu den ingurugiroak gaur egun gaztelaniaz mintzatzen den Amerikako tokiren batera garamatzala uste dut. Ingelesez jokatu dut, eta protagonistak zein arerioek gaztelaniazko hitz laburrak sartzen zituzten, girotzeko edo (bitxia, protagonistaren gaztelania Europakoa dela iruditu zait eta). Ez dakit zehazki esaten, baina Espainiar inperioaren estilo kolonialeko hiri txikiak eta Karibeko itxura hartu diodan irla ikusi ditudala esango nuke.

Grafikoki zuzena iruditu zait, erabateko zehaztasuna bilatzen ez duen irudi-mota darabil, nire ustez nahiko erakargarria dena. Kolore-paleta koloretsua eta alaia aukeratu dute, oro har. Soinuari dagokionez, gitarra askotxo entzuten da, estereotipoetan nahiko murgilduta egia esan, baina tira, ondo jotako gitarra bati ez diot ezetzik esango.

Istorioaren atal batean itxura karibeardun irla ederra bisitatuko dugu.

Jokoari aurkitu diodan traba nagusia etsaiak fokuratzeko sistema izan da. Orokorrean ez da arazorik egoten, baina arerio nahikotxo daudenean ondo kontrolatu behar dugu kamera, nahi dugun borrokalari zehatzaren kontra eraso dezagun. Kamera jo nahi dugun horren kontra zentratzeak asko laguntzen du, baina ez erabat. Ezkerreko joko-palanka erabilita ere bideratu dezakegu norantz eraso egin nahi dugun. Hala ere, zenbait kasutan kolpatu nahi genuen alboko arerioaren aurka erasotzen galbiltzala ikusiko dugu.

Objektuak botatzerakoan gauza berdina gertatu zait, Adalia zeri begira dagoen jakiteko objektu edo etsai baten silueta (piztu dezakegun kanoi bat esaterako) nabarmentzen digu jokoak. Baina hainbat jomuga posible elkarrengandik hurbil daudenean azaleratzen dira arazoak, eta azkenean jaurtigaia bota nahi ez genion norbaiti jaurtitzea suertatu daiteke.

Leherrarazitako galdarak etsaien gainera erortzen dira, "kasualitatez".

Jokatzean ez dago erabat argi etsaiak erailtzen edo besterik gabe, garaitzen eta jokoz kanpo uzten gabiltzan. Ez dago odol arrastorik, eta hauetako batzuk modu barregarrian jausiko dira lurrera. Jokoaren umorearekin doan zerbait dela deritzot eta testuinguru aproposean joko hau adin nahikoa duten gazteei ere eskaini ahal zaiela pentsatzen dut. Barre algara bat bota nuen arerio batek, garaitu nuenean, zera esan zuenean: “O! Akabatu nauzu!”. Eta protagonistak erantzun zion: “Zer diozu bada, gehienez orkatila bihurritu duzu eta!”.

En Garde! borroka sistema ulergarriarekin batera erronka egingarria aurkeztera datorren jokoa dela iruditu zait. Pertsonaia barregarriak, borroka dibertigarriak eta abileziaz beteriko saltoak eskaintzen ditu. Esku eta atzamarrekin maila bateko trebezia eskatzen du, baina larregi pentsatzea eskatzen ez duen lau ordu inguruko abentura entretenigarria dela uste dut. Gaur egun Steam saltokian jokalarien eskutik jaso dituen iruzkin positiboen batez bestea % 92koa da.