Tim Sweeney-ren enpresarentzat musika jokoak garatu beharrean, Fortnite ezagunarentzat “bidai eta musika jostagarritasun birtualak” eratuko ditu.
Epic Games enpresak Harmonix estudioaren bereganatzea iragarri du: Guitar Hero, Dance Central, Rock Band zein Fuser musika jokoen arduradun nagusia da. “Harmonixek mundu mailako musika esperientzia interaktibo maitatuenak sortzeko helburua eduki du beti”, dio Alex Rigopulos Harmonixeko buruak Epicen blog ofizialean, “Epicekin bat eginda hau areagotzeko aukera dugu”.
Hitz horiekin batera azkenaldian horrenbeste aipatzen den “metabertsoa” nabarmentzen dute. “Musika nola bizitzen, sortzen eta banatzen den imajinatuko dugu berriz”.
Hori lortzeko musika joko berriak garatu beharrean, Epic Gamesen Fortnite battle royale arrakastatsuarentzako edukiak sortzeari ekingo diote Harmonixekoek.
Beren blogean adierazi dutenez, tiro jokoarentzako “bidai eta musika jostagarritasun birtualak sortzeko lan egingo dute Epicekin”. Alde batetik ez da harritzekoa: Fortniten gero eta ezagunagoak dira kontzertu birtualak eta musikarekin lotutako bestelako ekimen handiak; hortaz, argi dago hori indartzen jarraitu nahi dutela.
Aldi berean, Harmonixek une honetan mantentzen jarraitzen dituen jokoek eduki berriak jasotzen jarraituko dutela ziurtatu dute: Rock Band, Rivals edota Fuser musika jokoen ekimenak prestatuko dituzte Fortniterako lanean hasi bitartean.
Iruzkinak