Saltokiaren plataforma eraberritua adimen artifizialarekin eratu dute, “programatzea zaila” dela aldarrikatuta.

Epic Games enpresak GNU/Linuxera jauzi egitea erabaki du. Epic Games Store plataforma nahiz Easy Anti-Cheat tranpen aurkako babesa sistema eragilearen distribuzio desberdinetan kaleratzen hasia da jadanik.

Saltokiaren GNU/Linux bertsioa aurrerapen bezala iritsi da oraingoz, Preview titulupean. Hiru distrorekin da bateragarria une honetan: Ubuntu 22.04 LTS, Fedora 43 eta Debian 12 sistema eragileetan erabil dezakegu, hauen bertsio eguneratuak ere barne egonda.

Polemika ederra eragin dute arduradunek, prentsa ohar ofizialean “programatzea zaila” dela aitortuta, eta launcher berria prestatzeko vibe coding-az, hau da, adimen artifizial bidezko programazioa, baliatu direla aldarrikatuta.

Hori horrela, programa abiarazteko beharrezko astia nabarmen murriztu dela diote egileek, Steam plataforma baino askoz azkarrago hasten dela adierazita: “Pentsa hau abiadura handiko ontzia dela, eta ez yatea”, azaldu dute, Gabe Newell-en ontzi ezagunari keinu eginda. Aldi berean, Steamek baino askoz ezaugarri eta aukera gutxiago eskaintzen dituela diote, plataforma berriaren lehen bertsioa “ezaugarrietan arina” dela esanda. Erosketen saskiarekin dator, behintzat: Epic Games Storeak hiru urte behar izan zituen erostera gindoazen jokoak biltzeko ezaugarria.

Adimen artifizialera jotzea ez da harritzekoa, enpresa handi guztiek hartutako bidea izanik; are gutxiago, Tim Sweeney Epic Gamesen arduradun nagusiak azken hilabeteetan egindako adierazpenak irakurrita. Behin eta berriro defendatu du AAa, Epic Gamesen zein Unreal Engine garapen motorean aldaketa handiak eragingo dituela azpimarratuz: UE6 berriak dozenaka AA ezaugarri jasoko ditu, esaterako.

Ez hori bakarrik, Epicen proiektuetako bat Marvel eta Star Wars biltzen dituen tiro jokoa dela ezagutu dugu egunotan, Bloomberg agerkariari esker. Itxura batean, bideojoko osoa adimen artifizialarekin sortzea da asmoa, kodea zein artea AA bidez eratuta, ondoren sortzaileek lan hori errepasatzeko. Ez dago esan beharrik, proposamenak arazo ugari sortu ditu lantaldean, berandutzeak eraginda.

 

Proton-ekin batera erabiltzeko EAC

Easy Anti-Cheat tranpen aurkako sistema ere eguneratzen dabiltza Epicekoak. Diotenez, GNU/Linuxerako bertsioa 2014tik da erabilgarria; tamalez, ez da gauza bera gertatzen Proton bidez GNU/Linuxen exekutatutako Windows jokoekin. Hauetan EAC erabiltzeko, garatzaileek espresuki onartu behar dute aukera, eta, sarritan, “ez denez Windowsen eskainitako segurtasun maila berbera bermatzen”, enpresek alboratzea erabakitzen dutela diote.

Hori konpondu nahian aurkeztu dute EAC Linux v2. Linuxek dagoeneko kernel-ari lotutako eskaintzen dituen hainbat ezaugarriz baliatuta, Windowsen parera hurbiltzen den segurtasun maila eskaini gura dute. GNU/Linux distribuzio desberdinetako arduradunekin harremanetan jarri direla azaltzen dute Epicekoek, bateragarritasuna bermatu nahian.

EACren bertsio berri hau erabiliko duen lehen jokoetako bat, nola ez, Fortnite izango da. Gutxieneko distro batzuekin funtzionaraztea lortuta, battle royale bideojoko ezaguna GNU/Linux gailuetan jokatzeko gai izango garela diote, Epic Game Store eraberrituaren bitartez.

Steam Deck-ari dagokionez, Epicetik diotenez ez da EAC Linux v2 exekutatzeko gai. “Valvekin hizketan” dabiltzala aldarrikatzen da oharrean, konponbide bat aurkitu nahian, baina ea zer dioten Newellen taldekoek.

 

Epic, GNU/Linuxera hurreratzen?

Aipatutako berrikuntza guztiak logikoak edo ulertzekoak direla pentsa badaiteke ere, Epic Gamesen baitan aldaketa handiak suposatzen dituzte. Izan ere, Sweeney sarritan agertu da software askeko kolektiboaren aurka, urte luzez era guztietako kexak eta aldarrikapenak eginda.

Adibidez, Steam Deckean Fortnite ezin jokatzea “Linux arazoa” zela aipatzen zuen duela urte pare bat. Aldaketokin GNU/Linux hartzen ari den indarra aitortzen dabiltzala diote batzuek; besteek, Fortnite pixkana indarra galtzen ari denez, zabaltzeko unea dela uste dute.