Bideo-joko zehatz batzuetan bakarrik ahalbidetuko dute, hasiera batean behintzat. Aurretik garatzaileek lorpenak gehitzeko aukera eduki dute plataforman.

Epic Games-ekoek beraien saltoki digitalean abiaraziko duten lorpen sistema eraberrituaren berri eman dute. Datorren astetik hasita Epic Games Storeko hainbat jokok lorpenak jasoko dituzte modu horretara, askotariko berezitasunekin.

Blog ofizialean adierazi dutenez, Rocket LeagueHadesPillars of EternityKena: Bridge of SpiritsZombie Army 4 eta Alan Wake Remastered izango dira, besteak beste, hasiera batean lorpen berriak jasoko dituzten bideo-jokoak.

Sistema berria PlayStation eta Xbox kontsoletan ikusitako garaikurren eta lorpenen antzekoa izango da. Esperientzia puntuen bidez funtzionatuko du: Brontzezko lorpenek 5 eta 45 puntu bitartean eskainiko dituzte, zilarrezkoek 50 eta 95 bitartean, eta urrezkoek 100 eta 200 artean. Azkenik, platinozko lorpena eskuratzeak 250 esperientzia puntu suposatuko ditu.

Ulertzekoa da beraz garatzaileen eskuetan egongo dela lorpen bakoitzaren maila izendatu eta eskainiko dituen puntuak zehaztea. Lorpenak dituzten bideo-jokoek horiek batzen dituen orrialde berezia edukiko dute plataforman.

Gogoratu beharra dago lorpenen sistema hau ez dela Epic Games Storean ikusitako lehenengoa. Orain urtebete inguru garatzaileek eratzeko lorpenak prestatu zituzten; kasu honetan jokoen arduradunen esku zeuden lorpen guztiak.

Epicekoek azaldu dutenez, sistema zaharra ez da desagertuko: garatzaileek erabaki dezakete sistema zaharrarekin jarraitzea edo eraberritura pasatzea. Lorpen zaharrak desblokeatutako jokalariek ez dituzte hauek galduko sistema berrira igarotzea erabakiz gero, automatikoki berriztatuko baitira, esperientzia puntuak banatuta.

Lorpenen sistema hau datozen hilabeteetan bideo-joko gehiagotara zabaltzea aurreikusten dute arduradunek. Horrez gain, urtea bukatu baino lehen plataformara ezaugarri gehiago gaineratuko dituztela nabarmendu dute.