Tencent Holdingsek proiektua prestatzen ari zen garatzailea erosi ondoren Amazon Game Studiosek ezin izan du garapenarekin aurrera egin.

Athlon Games garatzaileak 2018an iragarri zuen J.R.R. Tolkien idazlearen Eraztunen Jaunaren unibertsoan oinarritutako MMO proiektua garatzen ari zela. 2019an Amazonen Game Studios garatzailearekin elkarlana iragarri zuten, baina azkenean proiektua bertan behera utzi behar izan dute arduradunek.

Doako bideo-jokoa izango zenaren garatzaileak bereganatu zituen Tencent Holdings enpresa txinatarrak joan den abenduan. Zehazki, Athlon Games kaliforniarra Leyou Technologies Holdings Ltd. enpresaren eskuetan zegoen, eta horixe erosi du Tencentek. Jason Schreier kazetariak Bloombergen azaldu duenez Amazonek ezin izan du Tencentekin akordio batera iritsi proiektuarekin aurrera jarraitzeko, eta hau ezeztatu egin dute.

Hori horrela, Athlon Gameseko langileak beste proiektu batzuetan lanean hasiko direla aipatzen du kazetariak. “Eraztunaren Jauna benetan maite dugu, eta atsekabeturik gaude bideo-joko hau gure bezeroengana iristea lortu gabe gelditu garelako”, adierazi du Amazoneko bozeramaile batek.

 

Amazon Game Studios, norabiderik gabe.

Iragarpen hau Amazon Game Studiosen beste akatsei gehitu behar zaio. Pasa den urtean estreinatutako Crucible tiro jokoa bertan behera utzi behar izan zuten jokalarien kopuru eskasarengatik eta beste hainbat akatsengatik. Antzeko gauza gertatu zen Breakway MOBA jokoarekin, baina hau kaleratu gabe geratu ziren Amazonekoak. Une honetan New World izeneko MMORPGa prestatzen ari dira, baina dagoeneko hiru berandutze jasan ditu proiektuak.